Emakume Pilotarien Elkartea aurkeztu dute Oteiza pilotalekuetan

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 29a, 12:42
Pilotariak, elkarrekin.

Emakume Pilotarien Elkartea (EPE) aurkeztu dute gaur, zapatua, Azkoitiko Oteiza pilotalekuetan. Elkartearen asmoa da emakumeen pilota bultzatzea, kudeatzea, arautzea eta egituratzea.

Gaur, zapatua, Emakume Pilotarien Elkartea aurkeztu dute Oteiza pilotalekuetan. Euskal Herriko 80 emakume pilotari federatu inguru biltzen dituen elkartea da EPE eta palistez eta eskuzko pilotariez dago osatua, tartean munduko txapeldunak diren palistak eta eskuzko pilotariak. Etorkizunean zesta eta beste jokamoldeak biltzea nahi dutela ere azaldu dute aurkezpenean. Elkartea hiru mailatan banatuko dutela azpimarratu dute: lehen, bigarren eta hastapen mailak. Zuzendaritza Batzordea ere pilotariok osatzen dute.

Javier Zubizarretak azaldu du «poza» hartu duela elkartearen sorreran. «Oso pauso garrantzitsua» dela nabarmendu du, eta «babesa» izango dutela adierazi. «Berdintasunaren alde jarraitu, berdintasunik ez dagoen tokian ez baitago justiziarik», egin du azpimarra. Bide batez eskertu egin du aurkezpena egiteko Azkoitia aukeratu dutelako.

Azken lau urteetan emakumeen esku pilotak «hazkunde nabarmena» izan duela adieraziz hasi dute aurkezpen ekitaldia Azkoitian. Emakumeen esku pilota «arrakasta» lortzen ari dela nabarmendu dute, baina «egitura ahula» duela azaldu dute. «Emakume pilotariok zer esan handia dugu, baina esateko aukera gutxi. Kantxetan protagonistak izan arren ikuskizunaren parte baino ez gara», esan dute. Gehienetan irabazi ekonomikorik jasotzen ez dutela esanda, emakumeen pilota egituratzeko eta emakumeen pilota «duinago eta justuago» bat sortzea dute xede.

Berdintasunaren bidea bultzatu asmo dute, eta jarduera profesional batera jauzi egin, «emakume pilotariontzat jokatzeko baldintza duinak ezarriz». «Guk izan nahi dugu gure etorkizunaren jabe, eta emakumeon pilotari orain arte eman ez zaion bultzada ematea da gure helburua», gehitu dute. Halaber, ikusezin diren jokamoldeak plazaratu eta ezagutarazi nahi dituzte, besteak beste, gomazko paleta ezker horman eta paleta argentinarra trinketean. «Guk izan nahi dugu emakumeon pilotaren erreferenteak, gu izanik bertako eredu», azaldu dute.

Ekintzak martxan

Helburuak lortu asmoz, federazioekin eta pilota sustatzen duten erakunde publikoekin eta pribatuekin hitzarmenak sinatu dituzte. Lehiaketa egutegi egoki bat lortu asmoz, harremanetan jarri dira federazioekin eta klubekin. Pilotaren formakuntzak urratsak eman nahi dituzte, gainera. Teknifikazioak sortu, neskak trebatu eta prestakuntza egokia bilatu nahi dute.

Aurreratu dute, jokamolde ezberdinetako txapelketak antolatuko dituztela. Hala nola, gomazko paleta ezker horman, paleta argentinarra trinketean eta eskua ezker horman eta trinketean. Aurreikusten dute beste jokamolde batzuk lantzeko aukera ere izango dela. Ikastetxeekin lan egiteko asmoa dutela ere jakinarazi dute, hitzaldiak eta ikastaroak antolatuz. Bestalde, herri desberdinetako emakume pilotarien pilota jaialdiak antolatuko dituztela ere nabarmendu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide