Elena Cadierno: «Musika klasikoa urte askotako jakinduria gordetzen duen musika da, denon altxorra»

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 13a, 13:55
Elena Cadierno piano jotzailea.

Elena Cadierno Gomez (Azkoitia, 1975) sanmartindarra Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga kontserbatorioko piano irakaslea da egun. Aurten, lehenengo aldiz, Santa Kutzeko Udaberriko Musikaldian kontzertua eman du. Bere etorkizun musikala musika erakusten eta lagunekin kontzertuak ematen irudikatzen du, biak tartekatuz. Erronken artean, berriz, jazza ikasi nahi du.

Non eta zenbat urterekin hasi zenituen musika ikasketak?

Azkoitiko Bizkargi Musika Eskolan hasi nituen musika ikasketak, 7 urterekin, Pilar Elorza irakaslearen eskutik. 17 urtetik aurrera, Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan jarraitu nuen musika ibilbidearekin, Mercedes Medina eta Cristina Navajas piano irakasleekin.

Hastapen haietako nolako oroitzapenak dituzu?

Donostiako kontserbatorioan, hasieran galdu xamar sentitzen nintzen. Argi neukan gauza bakarra musika oso gustuko nuela zen, on egiten zidala, eta aurrera jarraitu behar nuela gehiago ikasten, beti aurrera.

Zer esaten zizuten irakasleek? Dohain berezia zenuela pianorako?

Belarri ona eta esku handiak nituela eta pianoari soinu ederra ateratzen niola, besteak beste.

Nor izan duzu eredu pianoan?

Bada, pianista onenak: B. Michelangeli, M. Argerich, H. Grimaud, S. Richter, M. J. Pires eta K. Zimerman dira niretzat, beste askoren artean.

Hainbat beka eta laguntza jasotakoa zara, tartean Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta Lartundo Fundazioarena. Zer sentitzen da errekonozimendu horiek jasotzean?

Poza eta esker ona. Horrelako laguntza eta zorionak jasotzeak aurrera jarraitzeko indarra ematen dizu, bai horixe!

Graduondoko ikasketak Rotterdameko Kontserbatorioan egin zenituen, Aquiles Delle Vigne pianistarekin. Nolako balorazioa egingo zenuke?

Bizitzan eman nuen pauso handi bat izan zen Holandara joatea; ez musikan bakarrik, baizik eta oro har. Benetan lagun onak egin nituen han. Haiei esker, beste lurralde batzuk ezagutu eta bertan bizitzeko aukera polita izan dut.

Bakarkako hainbat errezital egindakoa zara. Nola nahiago, bakarka edo lagunduta?

Bietara. Edozein instrumentu ondo jotzen ikasteko, bakarkako lana ezinbestekoa da. Bakarreko lanak halako trebetasun batzuk garatzeko bidea zabaltzen digu, eta piano jotzaileok, bereziki, sekulako errepertorio ederra daukagu. Bestetik, bakarkako lana beti hor egon arren, musikaren mundua lagunartean zeharkatzea zoragarria da. Horrelaxe sortu zen lau eskutarako pianorako musika, lagunartean gozatzeko!

Pianoko eta errepertorioko irakasle izan zara hainbat kontserbatoriotan. Gustuko al duzu irakastea?

Oso gustuko dut. Hazi txiki bat lehenengo kimuak botatzen ikustea magikoa da, eta, ikasleak musika ikastera gogoz etortzen direnean, hori dena elkarrekin bizitzen dugu. Urte askoren ondoren hazi hura zuhaitz bihurtzen ari dela eta denoi bizia ematen digun basoa heltzen eta zabaltzen doala ikusteak bihotzeko poza sentiarazten dit.

Egun Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga kontserbatorioan irakasten duzu pianoa. Zure ametsetako lana al da?

Ezusteko batean, Bilboko kontserbatoriora iritsi nintzen. Hiria ia ez nuen ezagutzen, baina ordutik oso-oso gustura nago bertan, bai lankideekin bai ikasleekin.

Non ikusten duzu etorkizuna?

Nire etorkizun musikala irakasten eta lagunekin kontzertuak ematen ikusten dut, biak tartekatuz. Horrekin batera, lurralde ezezagunetara bidaiatzen, betiere gauza berriak eta interesgarriak ezagutzen.

Oraindik egin gabeko erronkarik ba al duzu?

Bai, jazza ikastea! Orain dela gutxi lagun batekin hasi naiz, eta benetan aberasgarria eta dibertigarria da.

Hirian lan egiten duzu eta hirian bizi zara. Oroitzen al zara San Martinekin?

Beti. Azkoitira joaten naizen bakoitzean, gure iloba Maddirekin erlojura igotzen gara, eta handik San Martin auzoa eta herri guztia ikusten dugu: Izarraitz, Kukuherri…

Santa Kutzeko emanaldiak bereziak izaten al dira? Zenbat aldiz jo duzu han?

Bai, horrela dira. Udaberrian ospatzen da jaialdi ezagun hori Azkoitian, eta herriko musikazaleak zain egoten dira maiatzeko larunbatetan musika klasikoaz zuzenean gozatzeko. Behin jo dut bertan, eta gehiagotan jotzeko aukera izatea espero dut.

Nola ikusten duzu Azkoitian musika klasikorako zaletasuna? Ematen al zaio merezitako balioa?

Aspaldi da Azkoitian bizi ez naizela, baina betidanik egon da musikarako zaletasuna. Horren adibide dira Iraurgi Abesbatza, Azkoitiko Musika Banda eta Bizkargi Musika Eskola, esaterako.

Merezitako balioa? Bada, ez dakit. Txikitan, musika eskolan, gela bakoitzean piano akustiko bat zegoen; umeok horietan ikasten genuen, eta etxean ere horrelako bat genuen. Geroago, instrumentu elektronikoak agertu ziren, merkeagoak-eta, baina zerikusirik ez dutenak benetako piano batekin. Ez da inondik inora gauza bera. Musika klasikoan, pianoa jotzen ikasteko, pianoa behar da, eta ezinezkoa da teknika egokia, soinua, belarria, sentsibilitatea eta abar piano akustikoa ez den instrumentu batean lantzea eta garatzea.

Beraz, niretzat, musika erakusten den ikastetxeetan zaindu egin behar da hori. Piano akustiko bat ondo mantenduz gero, onena emango du urte askoan. Hori ere kontuan hartu behar da musika klasikoari merezi duen balioa emateko.

Zer egin beharko litzateke musika klasikoa sustatzeko?

Ezagutu, maite eta zaindu. Musika klasikoa deitzen diogun hori urte askotako jakinduria gordetzen duen musika da. Ikastuna izan beharrik ez dago hartaz gozatzeko, eta edozein musika estilotako musikariek haren ikasketetan sakondu dute, baita alderantziz ere. Denon altxorra da.

Non izango dira zure hurrengo emanaldiak?

Bilboko Sociedad Bilbainan eta Araiako Andra Mari aretoan.

Nabarmenduko al zenuke zure ibilbideko kontzerturen bat?

Aurtengo Santa Kutzekoa. Izan ere, Mercedes Medina Donostiako kontserbatorioko nire lehen piano irakaslea izan zen, eta ordutik lagunarteko oso harreman ona izan dugu. Harekin sortutako Zugaz bikotearen momentu musikal hori lagunekin, familiarekin eta herriko musikazale guztiekin partekatu ahal izan dugu. Oso berezia eta hunkigarria izan da.

 

MOTZEAN:

Kontzertu ahaztezin bat: Angela Hewittek Bilboko Elkarte Filarmonikoko aretoan emandakoa

Abesti bat: Jessy Normanek abestutako R. Straussen ‘Beim Schlafengehen’ (Lotaratzerakoan)

Musika estilo bat: Liederra

Piano modelo bat: Bösendorfer

Irakasle bat: Pilar Elorza

Bizitzeko leku bat: Momentu honetan, bizi naizen lekua, itsaso ondoan

Bidaiatzeko leku bat: Jazzaren jaioterria, New Orleans!

Gorroto duzun zerbait: Ez zait gustatzen teknologiarekin dugun lotura eta planetari ematen ari garen tratu txarra

Maite duzun zerbait: Natura

Uztaileko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako elkarrizketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide