Hainbat aldaketa adostu dira ezohiko udalbatzarrean

Atzo, asteazkena, Udal osoaren ezohiko bilkura egin zuten udal ordezkariek, udaletxeko bilkura aretoan. Bertan hainbat gai landu ziren. Besteak beste, hizpide izan zituzten batzorde informatzaileen osaketa, beste organo eta udalez kanpoko erakundeetan arituko diren udal korporazioaren ordezkarien izendapena eta dedikazioen erregimen ekonomikoa.

Batzorde informatzaileen eraketari dagokionez, esaterako, lau batzorde egongo dira, aurreko agintaldian bezala: antolakuntza batzordea, gizarte batzordea, lurralde batzordea eta aisialdia batzordea. Alderdi guztiek aho batez onartu zuten batzorde horien eraketa. Horrez gain batzorde informatibo berezi bat ere eratu zuten, kontuen batzorde berezia. Batzorde bakoitzean EAJko hiru ordezkarik parte hartuko dute, EH Bilduko bik eta PSE-EEko eta Azkoitia Baiko kide banak. Talde bakoitzak erabakiko du nork ordezkatuko duen bere alderdia edo koalizioa. Horrekin lotuta, batzorde informatibo horiek «publikoak eta irekiak» izateko eskatu zuen EH Bilduk, baina EAJren eta PSE-EEren aurkako botoekin ez zen onartu proposamena.

Bestalde, Udal korporazioaren ordezkarien izendapena egin zuten, beste organo eta udalez kanpoko erakundeetan aritzeko, eta guztiek EAJren proposamenaren alde bozkatu zuten. Honela gelditu ziren izendapenak: Zubiaurre kiroldegia (EAJk lau ordezkari, EH Bilduk hiru, PSE-EEk eta Azkoitia Baik bana), San Jose Fundazioa (EAJk lau ordezkari, EH Bilduk hiru, PSE-EEk eta Azkoitia Baik bana), Iraurgi Lantzen (alkateaz gain, talde banatako ordezkari bat), Antonio Oteiza Fundazioa (alkateaz gain, EAJtik hiru ordezkari eta EH Bildutik bi), Urolako Industrialea, Xabier Munibe, Azkoitia BHI, Ingurugiro Etxea Fundazioa, Ur Partzuergoa eta Urkome (EAJko ordezkari bat). Aho batez onartu zituzten guztiek izendapenak. Mankomunitaterako hiru bozkatuenak, berriz, Ana Azkoitia (EAJ), Javier Zubizarreta (EAJ) eta Laida Beristain (EH Bildu) izan ziren.   

Jarraian, dedikazioen erregimen ekonomikoa erabaki zuten. Alkateak %100eko dedikazioa izango du eta 71.200 euro eskuratuko ditu urtean. Zinegotziei dagokienez, berriz, honela sailkatu dituzte:

  1. Ogasuna, barne antolakuntza, sustapen ekonomikoa, parte hartzea eta herritarren arreta zerbitzuko zinegotzi delegatuak %100eko dedikazioa izango du, eta 67.640 euro jasoko ditu urtean. 
  2. Ingurumena, landa garapena, obrak eta zerbitzuetako zinegotzi delegatuak %100eko dedikazioa izango du, eta 49.840 euro jasoko ditu urtean. 
  3. Gizarte zerbitzuak eta integrazio zinegotzi delegatuak %55eko dedikazioa izango du, eta 35.244 euro jasoko ditu urtean. 
  4. Berdintasuna eta prebentzio zinegotzi delegatuak %20ko dedikazioa izango du, eta 12.816 euro jasoko ditu urtean.
  5. Festak eta kirola zinegotzi delegatuak %25eko dedikazioa izango du, eta 16.020 euro jasoko ditu urtean.
  6. Kultura eta gazteria zinegotzi delegatuak %40ko dedikazioa izango du, eta 25.632 euro jasoko ditu urtean.
  7. Turismo eta ondare zinegotzi delegatuak %40ko dedikazioa izango du, eta 25.632 euro jasoko ditu urtean.

Azkenik, oposizioaren zinegotzi liberatua pertsona bat izango da %100eko dedikazioarekin, eta 44.856 euro jasoko ditu urtean. Halaber, oposizioaren zinegotzi liberatuaren inguruan emendakina aurkeztu zuen EH Bilduk, eta liberatu kide kopurua taldeak erabakitzeko eskaera egin zuen. Azkoitia Bai ados agertu zen EH Bilduk egindako eskaerarekin «beti ere denen baturak liberazio oso baten gastua ez badu gainditzen», baina EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten; beraz, ez zen onartu. 

Bestalde, EAJk proposatutako udal ordezkarien soldatak «oso-oso altuak» direla azpimarratu zuen EH Bilduk Azkoitia bezalako herri baterako. Gainera, liberatu kopuruari dagokionez, bat ezik beste guztiak liberatuko ditu EAJk, eta horri PSE-EEko liberatua gehitu behar zaio. EH Bilduk hori ere ez du «onargarria» ikusten. Azkoitian hainbeste liberatu ez direla behar gaineratu zuen. Ildo beretik, Azkoitia Baik azaldu zuen liberatuen ordainsariak gehiegizkoak direla, eta horrenbestez, EAJk aurkeztutako proposamenaren aurka bozkatu zuen, EH Bildurekin batera. EAJren proposamena onartu zen, PSE-EEren eta EAJren aldeko bozekin. 

Ondoren, behin-behineko lanpostuen kopurua, ezaugarriak eta ordainsariak erabaki zituzten. Alkatearen idazkaria eta komunikazio arduraduna %100eko dedikazioarekin ariko dira, 35.675,50 euroko ordainsariarekin urtean. EH Bilduk aurka bozkatu zuen eta gainerako hirurek aldeko boza eman zuten.  

Azkenik, alkatetzaren ebazpenak egin zituzten. Ana Azkoitia izango da lehen alkateordea, Marijose Arregi bigarren alkateordea, Sonia Vazquez hirugarren alkateordea eta laugarrena Janire Igoa. honako delegazio hauek proposatu zituen segidan:

  • Ogasuna, barne antolakuntza, sustapen ekonomikoa, parte hartzea eta herritarren arreta zerbitzuko delegazio orokorra: Ana Azkoitia (EAJ).
  • Gizarte zerbitzuak, integrazioa, berdintasuna eta prebentzio gaiei dagokien delegazio orokorra: Janire Igoa (PSE-EE). Delegazio berezia berdintasunarena eta prebentzioarena: Mertxe Zubillagak (EAJ).
  • Ingurumena, landa garapena, obrak eta zerbitzuetako delegazio orokorra: Imanol Arrizabalaga (EAJ). 
  • Euskara eta hezkuntza gaiei dagokien delegazio orokorra: Marijose Arregi (EAJ). 
  • Kultura eta gazteria aisialdia gaien delegazio orokorra: Sonia Vazquez (EAJ).
  • Kirola eta festen delegazio berezia: Angel Martin (EAJ).
  • Turismoa eta ondarearen delegazio berezia: Juan Bautista Mendizabal (EAJ). 

Udal taldeen bozeramaileen berri ere eman zuten bilkuraren amaieran. EAJ alderdikoa Marijose Arregi izango da. EH Bildu koaliziokoa Iraitz Otaño, PSE-EEkoa Janire Igoa eta Azkoitia Bai Herri Plataformakoa Jose Joakin Etxaniz.

Bilkurak, hileko azken asteazkenetan

Azken legealdian bezala, datorren legealdiko Udalaren ohiko bilkurak hilabeteko azken asteazkenean izatea adostu zuten aho batez. 19:00etan hasiko dituzte bilkurak. Halere, datorren hilekoa uztailaren 24an egitea adostu zuten, hori ere aho batez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide