Goiuri Epelderen kontakizuna, Kultur Dealers ekimeneko lan onenen artean

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 25a, 15:05

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Saileko Kultur Dealers 2019 ekimenak onenen artean sailkatu du Goiuri Epelde idazle azkoitiarraren 'Mea Culpa' jatorrizko mikro-kontakizuna. Klima aldaketaren inguruan idatzi behar izan dute parte hartzaileek.

Goiuri Epelde idazle azkoitiarraren 'Mea Culpa' kontakizuna Kultur Dealers 2019 ekimeneko jatorrizko mikro-kontakizun onenetako bat bezala sailkatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak. Aldaketa klimatologikoaren inguruan idatzi behar izan dute parte hartzaile guztiek. Ekimenaren asmoa da herritarren artean sormenerako eta pentsamendurako gune bat irekitzea.

Kalean bertan ezarriko den saltzeko makinen sistema berritzaile batek gipuzkoarren «espiritu sortzailea eta literarioa agerian» jarriko duela azaldu dute Foru Aldunditik. Uztaila eta iraila artean, jendea biltzen den Gipuzkoako hamabi puntutan jarriko diren saltzeko makinen sistema batek jarriko ditu agerian sormenerako eta pentsamendurako gune horiek, tartean Goiuri Epelde azkoitiarrarena. Iaz 32.246 kontakizun atera zituzten makinetatik irakurleek, horietatik 11.000 pasatxo euskaraz. Kultur Dealers ekimena 2016an abiatu zen, eta azken hiru urteetan aukeratu dute Epelderen lana.

Hona hemen Epelderen 'Mea Culpa' kontakizuna:

Aitona berriz entzun nahiko nuke zure ahotsa, zure euskera zaharra, eta ixil-ixilik aho zabalik entzun nola, ez hainbeste denbora, zu gaztea zinenean, metroko elurra egiten zuen paraje hauetan, nola gure errekatxoetan ttantto gorridun amuarrainak ibiltzen ziren saltaka osinetik osinera, nola lurreko izartxoak, ipurtargiak, ikus zitezkeen San Juan gau inguruan belarretan... Dena pikutara doa, dena pikutara daramakigu. Gizartearen atarramentuaz lotsatu egingo zinateke burua altxako bazenu eta lotsatu beharko ginatekenak ez gara berriz lotsatzen... Izena jarri diote gure burugabekeria, utzikeria eta axolagabekeriari: aldaketa klimatologikoa.

Ikusi Foru Aldundiaren aurkezpen bideoa:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide