Jauregi baserriaren egunerokoa gertutik ezagutzeko aukera, uztailaren 6an

Jauregi baserriko oilaskoka. (Argazkia: Jauregi baserria)

Jauregi baserrian, bereziki, aire librean hazitako oilaskoak ekoizten dituzte eta gero, Lumagorri markapean merkaturatzen dira. Uztailaren 6an, 11:00etan hasiko da doako bisita gidatua.

Uztailak 5ean eta 6an, Gipuzkoako eta Bizkaiko 40 baserri inguruk euren baserrietako ateak zabalduko dituzte ukuiluak, baratzeak eta landa-guneak ezagutzera emateko. 40 baserri horietako bat da Azkoitiko Jauregi baserria. Uztailaren 6an, zapatua, 11:00etan hasiko da doako bisita gidatua. Parte hartzeko, beharrezkoa izango da izena ematea. Ongi Etorri Baserrira ekimenaren webgunean egin beharko da. Aurkezpena egin ondoren, Jauregiko baserritarrak bere etxea, bizimodua, ekoizpena eta salmenta bidea azalduko ditu. «Familian edo lagunartean egiteko bisita zoragarria» dela nabarmendu dute egitasmoko kideek.

Aurtengoa Ongi Etorri Baserrira ekimenaren seigarren edizioa da, «gure jakien jatorria beren ingurune naturalean berraurkitzeko, mahaian dastatzen ditugun elikagaiak ekoizten dituzten baserritarrak ezagutzeko aukera ezin hobea», dela gaineratu dute. Baserri mundua eta hiriaren arteko «zubigintza lanak» egiteko asmoz, duela bost urte, 2014. urtean, ENBA sindikatuak Gipuzkoako zortzi baserrietako ateak zabaltzea erabaki zuen, «etxeko ateak zabalduz, ekoizleen eta kontsumitzaileen harremana sendotzeko eta estutzeko». Ongi Etorri Baserrira ekimena, antolatzailea den sindikatuaren arabera, «bertako elikagaien aldeko apustu garbia da, landa-guneari balioa emateko, barnealdeko zonaldetako turismoa sustatzeko eta nola ez, gure herri gastronomia goratzeko», azaldu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide