Giro ederra Elosuko Otaba jaietan

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 24a, 08:15

Elosu auzoan Otaba jaiak ospatu dituzte joan den asteburuan, eta gaur, Otaba Txiki egunarekin, agurtuko dituzte festak.

Joan den zapatuan, ekainak 22, auzotarrek botatako txupinazoarekin eman zioten hasiera jaiei. Ondoren, Elosuko Urola Hegiko erroten ibilaldia egin zuten, eta errotazar, errotabarri eta troskazulo bisitatu zituzten. Ibilaldiaren ostean herri bazkaria egin zuten, eta arratsaldean mus txapelketa jokatuko zuten. Gauean bertso afaria izan zen Aratz Igartzabal eta Iker Zubeldia bertsolariekin batera. Afal osteko giroa alaitzen, berriz, Lutxurdio eta Aitziber trikitilariak aritu ziren.

Igandean, erretiratuen eguna ospatu zuten. Eguerdian, pilota partidak jokatu zituzten auzoko pilotalekuan, eta gero, erretiratuen bazkaria egin zuten Elurmendi elkartean. Arratsaldean, penthlatoia proba izan zen auzoko plazan. Aratz Mugerza eta Luis Txapartegi nor gehiago aritu ziren. Beroari aurre eginez, erakustaldi polita eskaini zuten. Azkenean, lanak bukatzeko Luis Txapartegik 32 minutu eta 37 segundo behar izan zituen eta Mugerzak 35 minutu eta 20 segundotan egin ditu lanak. Ondoren, erromeria izan zen Lutxurdio eta Ansorregi trikitilariekin eta gauean San Joan sua piztu zuten plazan.

Gaur bukatuko dira festak

Gaur izango da Otaba jaietako azken eguna, eta Otaba Txiki eguna ospatuko dute. 12:00etan, auzoan hildakoen aldeko meza izango da lehenik. 13:00etan, Piskolabitx jolasa egingo dute, eta 15:00etan auzo bazkaria. 17:30ean, umeentzat, gazteentzat eta helduentzat antolatutako jolasak izango dira. 19:00etan, Laja II.a eta Lutxurdio trikitilariekin triki-potea egingo dute, eta 21:00etan denak afaltzera joango dira. Afalostean erromeria izango da trikitilariek lagunduta. Jaiak gauerdian agurtuko dituzte Elosun.

Argazkiak: Ibon Errazu Uria

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide