Azkoitia Gipuzkoako Eskuzko Herriarteko Txapelketatik kanpo gelditu da

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 22a, 11:09

Azkoitiak ezin izan du Herriarteko Txapelketaren finalerako txartelik eskuratu; izan ere, atzo 0 eta 3 galdu zuten Azkoitiko pilotariek Azpeitiaren aurkako finalerdietako itzulerakoa. Azkoitiar ugari izan zen partidak ikusten Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

Azkoitiarentzat bukatu da aurtengo Gipuzkoako Eskuzko Herriarteko Pilota Txapelketako ibilbidea. Izan ere, Azkoitiko pilotariek ezin izan dituzte Azpeitiaren kontrako finalerdiak gainditu.

Atzo jokatu zituzten finalerdietako itzulerako partidak jendez leporaino bete zen Izarraitz pilotalekuan. Joaneko norgehiagokak joan zen astean jokatu zituzten Azkoitian, eta orduan lortutako 2 eta 1eko abantailarekin kantxaratu ziren Azpeitiko pilotariak. Aldea areagotzea ere lortu zuten; 3 eta 0 irabazi zuten atzoko jardunaldia.

Lehen partida, kadeteena, alde nabarmenarekin irabazi zuen Azpeitiak: 22 eta 2 bukatu zen partida. Bigarren norgehiagoka ere ildo beretik joan zen; Azpeitiko pilotariak 22 eta 2 nagusitu ziren. Gainera, lehen partidako tantoekin bigarrenean hamar egitea aise zuen Azpeitiak finalerako txartela eskuratzeko. Hirugarren partidara jokoan ezer ez zutela iritsi ziren pilotariak, eta Azpeitia 22 eta 13 nagusitu zen.

Eskuzko pilotarientzat bukatu da aurtengo lehia, baina palistak finalaren atarian dira: horiek bihar, igandea, jokatuko dute Herriarteko finala Tolosaren aurka, Donostiako Altza auzoko pilotalekuan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide