Ireki dute Etxe Beltzen Antonio Oteizaren erakusketa

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 20a, 18:53

Gaur, osteguna, ireki dute Antonio Oteizaren erakusketa, Etxe Beltzen. «Pozik eta zoriontsu» agertu da Oteiza artista Azkoitira itzulita.

Sonia Vazquez zinegotziak azaldu du «ohorea» dela Antonio Oteiza aurkezpen ekitaldian Azkoitian izatea. Azkoitiarekin «lotura» duela eta «azkoitiarra» sentitzen dela azaldu du Vazquezek, eta 2007an Azkoitian Oteiza Fundazioa eratu zela adierazi du, Antonio Oteiza berak horrela eskatuta.

Gaurtik hilaren 30era zabalik egongo den erakusketa Azkoitian Oteizaren omenez egiten den bigarrena da. Lehena 2008. urtea egin zen, eta gaur, hamaika urte geroago ateak ireki ditu berriz Etxe Beltzek Antonio Oteizaren artelanak erakusteko. Azkoitian gordeta dauden lanak dira hilaren amaiera arte erakutsiko direnak. Oteiza Fundazioko, Azkoitiko zein Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko lanak ikusteko aukera egongo da Etxe Beltzen. Emakumea «oso presente» dagoela azaldu du Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko historialariak. Erakusketan «aberastasuna, intuizioa eta edertasuna» aurkituko direla nabarmendu du Mendizabalek.

Izarraitz mendian gaztetan pasatako «oroitzapenak» etorri zaizkiola azaldu du Antonio Oteizak Azkoitira itzultzean. Donostiatik Azkoitira etorri denean familiakoak eta ezagunak agurtu dituela ere esan du. Gehien harritu duen gauza «Etxe Beltzeko lurra» izan dela adierazi du, «jatorra» egin zaiola azalduz. Atzerrian urteak pasa ostean, Azkoitira etorrita, «bere bihotzean gordetako esentzia kutunenak esnatu» zaizkiola esan du Oteizak. «Horren bila etorri» dela, eta «hori jaso» duela azpimarratu du artistak.

Erakusketaren ordutegia

Erakusketa astelehenetik igandera bitartean 18:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango da. Larunbat eta igandetan goiz eta arratsalde egongo da zabalik. Goizez 12:00etatik 14:00etara eta arratsaldez, astegunean bezala, 18:00etatik 20:00etara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide