Etxebeltzen gaur irekiko dute Antonio Oteizaren erakusketa

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 20a, 13:00
Antonio Oteiza. (Argazkia: Jon Andoni Martin)

Antonio Oteiza Fundazioak hainbat ekitaldi antolatu ditu artistaren omenez, Azkoitian. Gaur, osteguna, Antonio Oteizaren erakusketa irekiko dute 18:00etan, Etxebeltzen.

Oteiza XX. mendeko arte sakratuaren autore esanguratsuenetarikoa da. Azkoitiko herriarekin duen lotura estua tarteko, 2007an herrian kokatu zuten bere izena daraman fundazioa, eskultorearen obra babesteko eta bere balioak, gogoetak eta filosofia hedatzeko xedez. Oteizak berak onartu izan du bere espiritua «nomada den arren, oso hemengoa, oso azkoitiarra» sentitzen duela bere burua. Horregatik guztiagatik, Antonio Oteiza Fundazioak hainbat ekitaldi antolatu ditu ekainaren 20tik 30era. Oteiza bera Azkoitian izango da egun horietan.

Egitarauari gaur, ekainak 20, emango diote hasiera, Antonio Oteizaren erakusketaren irekierarekin. Bertan izango da Antonio Oteiza bera. Erakusketa Etxebeltzen izango da ikusgai ekainaren 30era arte. Bertan, besteak beste, Antonio abenturazalearen mapak, idatziak, liburuak eta argazkiak ikusi ahalko dira, eta bestetik, bere artelanak, esaterako, Catalina de Erausori eskainitako margolanak, eta bestelako eskulturak.

Erakusketa astelehenetik igandera bitartean 18:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango da. Larunbat eta igandetan goiz eta arratsalde egongo da zabalik. Goizez 12:00etatik 14:00etara eta arratsaldez, astegunean bezala, 18:00etatik 20:00etara.

Ostiralean, hitzaldia

Bihar, ostirala, Edorta Kortadi arte kritikoak Antonio Oteizari buruzko hitzaldia emango du, Etxebeltzen. 19:00etan hasiko da solasaldia, eta Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko kronista eta historialariak moderatzaile lanak egingo ditu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide