Marea Urdinaren alde, irailaren 28an egingo dute Azkoitiko lasterketa solidarioa

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 20a, 09:24
2017an egindako lasterketa solidarioa.

Azkoitiko Lasterketa Solidarioak atzo, asteazkena, jakinarazi zuen aurtengo lasterketa zein elkarteren alde egingo duten. Marea Urdina elkartearen alde egingo dute korrika irailaren 28an, zapatua, solidaritatea eta inklusibitatea aldarrikatzeko.

Bi urtean behin egiten dute lasterketa solidarioa herrian. 2015ean hasi zen Ttipi-Ttapa korrika taldea inguruko elkarteren baten aldeko lasterketa solidarioa antolatzen. 2015ean egin zen lehen edizioa, eta 864 pertsonak parte hartu zuten Katxalin bularreko eta ginekologiako minbizia duten emakumeen elkartearen alde. 2017ko irailean egin zuten Azkoitiko II. Lasterketa Solidarioa. 1.179 parte hartzailek osatu zuten Aspanogi elkartearen aldeko marea berdea.

Ttipi-Ttapako antolatzaileek erabaki dute aurten egingo den hirugarren edizioko lasterketa Marea Urdinaren aldekoa izango dela. Aurtengo edizioan, beraz, urdin koloreko solidaritatez beteko dira Azkoitiko kaleak. Irailaren 28an, zapatua, egingo dute inklusibitatea eta solidaritatea aldarrikatzeko baliatuko duten lasterketa. Antolatzaileek jakinarazi dute «egun osoko festa» antolatzen ari direla.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide