Harro! plataformak bere egitekoa aurkeztu du Azkoitian

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 20a, 12:00
Harro!ko ordezkariak eta Azkoitiko kolektiboko ordezkariak.

Harro! Euskal Herrietako LGTBI elkarte desberdinek osatutako plataformak bere burua aurkeztu du gaur, asteazkena, Kultur Etxean. Azkoitiko Sostenipe talde feministak antolatutako ekimena izan da.

Euskal Herriko sexu askapenerako elkarteek sortutako plataforma da Harro!, eta gaur, asteazkena, Azkoitian izan dira plataformako kideak euren burua aurkezten. Hiruko Larroxa Kolektiboko kide bat eta Ozen! LGTB Ligako kide bat izan ziren Azkoitian azalpenak ematen. Azaldu zutenez, beharrizan jakin batzuetatik jaio da plataforma: esparru politiko koherente eta kritikoak sortzeko, eta elkar sostengatu eta koordinatzeko beharretik. Bideotxo bat ere ikusi zuten bertaratutakoek.

Halaber, eskuorri bana banatu zuten, honako hau azalduz:

1969ko ekainaren 29ak, haustura bat suposatu zuen: LGTB mugimenduaren baitan, sexu askapenaren aldeko koalizio politikoan lehen adreiluak jartzen lagundu zuen. Gau hartan izan zen Stonewalleko errebolta entzutetsua. Izatez, ez zen pertsona sexu-genero disidenteak errebelatzen ginen lehen aldia, baina gau hura erabakiorra izan zen LGTB eskubideen borrokan mendebaldean, eta ordutik gogoan dakarkigu. Diotenez, guztia, adreilu batekin hasi omen zen.

Gogoan dugu, emakume transak, pertsona arrazializatuak, bollera maskulinoak, jende pobrea eta intersekzio hauez gain hamaika gehiagoz gurutzatuak ziren beste hainbeste pertsona izan zirela poliziaren errepresio autoritarioaren aurka borrokatu zuten iraultza honetako protagonistak. Asko hitz egin izan da lehen adreilu hori bota zuenaren nortasunaz, Marsha P. Johnson eta Sylvia Riveraren mitoak sortuz. Mugimenduaren amatzat har ditzakegu, baina kontuan izan, Stonewall zerbait izan bazen, kolektiboa izan zela. Gure borroka batasunean sortu genuen. Aliantza hori da gure adreilua.

Borrokak ibilbide luzea du ere Euskal Herrietan. Frankismoaren amaiera garaitik, sexu askapenerako mugimenduak aliantza eta estrategia zehatzak sortu ditu, estatu diktatorial patriarkal eta katolikoari, eta ondoren, estatu demokratiko patriarkal neoliberalari aurre egiteko. 1933ko 'Ley de vagos y maleantes' eta ondorengo 'Ley de peligrosidad y rehabilitacion social' lege frankistaren aurka borrokatu gara; soldaduskaren aurka jardun eta borrokatu dugu; poliziaren jazarpen, errepresio eta erahilketen aurrean tinko jazarri izan gara (40 urte dira aurten, Oreretan, Francisen bizitzarekin amaitu zutela); eta, egunez egun, eredu heteropatriarkalera makurtzen ez ziren desira eta identitateen ikusezintasunaren aurka borrokatu gara. Esparru posibleak ehundu eta identitate posibleen alde borrokatu dugu, eta borrokatzen jarraituko dugu.

Mugimenduaren sustrai erradikal eta antikapitalistei gainjarriz, bizi dugun kapitalismo aseezin honek iraultzaileena ere irensten du, eta pinkwashingaren bitartez LGTB mugimendua intrumentalizatzen ari da progresismo plantak egiteko. Honen adibide garbienetakoa, Ortzadar eta EAJren artean gidatutako Bilbao Pride-a da, zeinak tolerantzia eta irekitasun irudi baten atzean, jendarte eta hiri eredu baztertzaile, elitista eta kapitalista sustatzen duen. Eredu honek sustatzen duen gayfriendly turismoak, gure auzoak gentrifikatu eta prekarizatu egiten ditu. Nazioartera begiratuta aurkituko dugun adibideetako bat, Israelgo estatu genozida da. Palestinako lurraldeen aurkako apartheid politika pinkwashingaren bitartez ezkutatu egiten du: jomuga turismo liberal eta gay-friendly-a da, eta pasa den urtean Eurovision lehiaketa (Gazan bonbak jauritzen ziren bitartean) irabazi ostean, aurten, zuriketa musikala dauka primetimen.

Azken urteetan ikusi denez, kapitalismoa lur ongarritua izaten ari da faszismoarentzat. Maila instituzional, politikoan zein banakoek gauzatutako gorroto delituek argiki erakusten dute faszismoaren gorakadak ondorio larriak dituela honen jomugaren lehen lerroan gaudenontzat: LGTB kolektiboak, aniztasun funtzionala duten pertsonak, pertsona arrazializatuak, pertsona musulman, judutar eta erlijio gutxituetakoak, migratuak Trump, Bolsonaro, Salvini, Le Pen edo Abascal, Casado eta Riverarekin batera, faszismoaren karikatura dira komunikabide liberaletan. Faszismoa tratatzerakoan dagoen seriotasun eza, eta faszismoak berak duen manipulaziorako eta alienaziorako gaitasunaren gutxiespena, oinarrizko tresna izan dira berau dagoen lekura heldu dadin. Gaur, haren ondorioei aurre egiteko unea heldu da.

Egoera guzti hauei aurre egiteko esparru politiko koherente eta kritikoak sortzeko eta elkar sostengatu eta koordinatuz erantzun material bat emateko beharretik sortzen da Harro! Euskal Herrietako Transmaribibollo Plataforma. Gure helburuak, Euskal Herrietako kolektibo desberdinen artean lan eta zaintza sareak sortzea, memoria historikoa bildu eta kontserbatzea eta erasoen aurrean erantzun erreal bat ematea dira. Harro! Euskal Herrietako Transmaribibollo Plataforma, gaur gaurkoz, onakook osatzen dugu: EHGAM, Hiruki Larroxa Kolektiboa, Guztiok, Ozen!, Intifada Marika, Sare Lesbianista, Iris Proiektua, Euskal Hartzak, Lumagorri eta beste militante batzuk.

Gure historiaren analisi erradikal baten aldeko apustua egiten dugu, zeinek, gure borroka zentzuz hustu, eta isolatzearen ahalegin neoliberalak iraultzea ahalbidetuko dugun.

Batzen gaituzten hari feministek pertsonala politikoa dela gogorarazten dugunez, josten hasi garen sare transmaribibollomarika honetan zaintzak erdigunean jartzearen aldeko apustua ere egiten dugu.

Hitz guzti hauek gugan gorpuzteko irmo agertzen gara. Izan ere, hau baita zapalkuntza ezberdinengandik emantzipatzeko, benetako prozesu iraultzaile bat gauzatzeko gai izango diren kontzientzien (er)aldaketa lortzeko bidea.

Hau horrela, Harro!k batzen dituen indarrak, prozesu emantzipatzaile eta iraultzaile baterantz, transfeminista, antikapitalista eta antifaxista bezala deklaratzen da.

Suzko adreilu bat gara. Erahiltzen gaituzten instituzio eta sistema honen erraiak suntsitzeko erabiliko dugun adreilua. Berria den zerbait eraikitzeko erabiliko dugun suzko adreilu bat gara. Jada ez daudenen memoriaz eta borrokaz piztua dagoen suzko adreilua. Itzaltzen utziko ez dugun suzko adreilua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide