3x3 Futbol Festa asteazkenean hasiko da, parte hartze altuagatik

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 18a, 10:11

Aurtengo izen emate kopuru altuaren ondorioz, eta neska-mutilik jokatu gabe geldi ez dadin, 3x3ko antolakuntzak Futbol Festa bi egunez luzatzea erabaki du, Azkoitiko Udalarekin hitz egin ondoren. Horrenbestez, VI. Futbol Festa 3x3ko partidak ekainaren 19an hasiko dira, 16:00etan.

Ekainaren 19tik 23ra, ehunka haur ariko dira 3x3 Futbol Festan lehiatzen, herriko plazan. Izen-emate epea amaituta, «aurreikuspen guztiak hautsi» ditu aurtengo festak. Antolakuntzaren arabera, 800 neska-mutilek parte hartuko dute, 190 taldetan banatuta. Iaz baino 140 haur gehiagok eman dute izena, eta beraz, 30 talde gehiago osatu dira.

Aurreko urteetan bezala, 5 eta 12 urte bitarteko umeek jolastuko dute, 2007 eta 2014 urteen artean jaiotakoak. Hamar udalerritako gaztetxoak izango dira Azkoitian Futbol Festan: Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Zestoa, Zumaia, Getaria, Zarautz, Urretxu, Zumarraga eta Legazpi.

Kamiseta banaketa, gaur

Futbol partidak jokatzeko beharrezkoak diren kamisetak gaur, asteartea, banatuko dituzte Kontzejupean, 18:00etatik 20:00etara bitartean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide