Tolosa izango du aurkari Azkoitiak gomazko pala txapelketako herriarteko finalean

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 18a, 08:25
Markos Azpiroz, Hernaniren aurka. (Argazkia: Maxixatzen)

Gomazko palista azkoitiarrek ezagutu dute zein herri izango duten aurkari euren lehen finalean. Tolosaren aurka jokatu beharko dute datorren igandean, ekainak 23, Donostiako Altza auzoko pilotalekuan.

Palista azkoitiarrek igandean, ekainak 23, jokatuko dute Gipuzkoako Herriarteko Gomazko Pala Txapelketako finala, Donostiako Altza auzoko pilotalekuan. 11:00etan hasita, Tolosaren aurka neurtuko dituzte indarrak azkoitiarrak. Tolosarrek Usurbil kanporatu dute finalerdietan. Orain arteko lau palistak izango dira ezeren okerrik ezean finaleko lau protagonistak. Lehen partida Iker Epeldek jokatuko du kantxa osoan; bigarren partidan, Jokin Aizpuru eta Igor Juaristi arituko dira binaka, eta hirugarrenean, Markos Azpirozek jokatuko du zazpi koadroren barruan. 

Joan den ostegunean eman zuen Azkoitiak finalerako azken urratsa. Hernaniarrei bi eta bat irabazi zieten palista azkoitiarrek, Gurean. Lehen partidan 19 eta 20 galdu zuen Iker Epeldek. Binaka, 20 eta 12 irabazi zuten Jokin Aizpuruk eta Igor Juaristik eta Markos Azpirozek 20 eta 11 irabazi zuen. Aurrez, Mutriku eta Anoeta kanporatu ditu Azkoitiak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide