Kursaalera 'Mendi mendiyan' opera ikustera joateko autobusa Azkoititik

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 17a, 12:14
Udalean egin zuten aurkezpena.

Kursaal Eskura proiektuaren baitan, ekainaren 29an, zapatua, 'Mendi mendiyan' opera ikustera joateko doako autobus zerbitzua egongo da Azkoititik.

Kursaal Eskura egitasmoaren baitan, Kursaal Eszenak Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako Udalekin bat eginda, antolatzen dituen kontzertu eta ikuskizunak eskura jartze aldera, doako autobus zerbitzua eskaintzen du Donostiatik joan-etorria egiteko. Martxoan Gustav Mahler Jugendorchester orkestrak eskainitako kontzertura joateko aukera izan zen bezala, orain, Kursaal Eszenak ekainaren 29rako luzatu du proposamena. Egun horretan autobusa jarriko da Azkoititik Jose Maria Usandizaga konpositorearen 'Mendi mendiyan' operaz gozatzeko.

Arriaga antzokiaren produkzioa da, eta zuzendaritza artistikoa Calixto Bieitorena da. Erik Nielsenen batutapean arituko da Bilboko Orkestra Sinfonikoa. Ausrine Stundyte sopranoaz eta Christopher Robertson baritonoaz gain, Olats Saituak, Mikeldi Atxalandabasok eta beste hainbatek hartuko dute parte.

Kontzertua ekainaren 29an, larunbata, 20:00etan izango da Kursaal Auditorioan. Interesatuek sarrera erosi beharko dute Kursaal webgunean, eta behin sarrera erosita, ondoren autobuserako izena eman. Autobuserako izena emateko 943 85 71 70 telefonora deitu edo kultu@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzi beharko da.Kontzertuaren egunean, autobusa 18:30ean aterako da Eroski txikiaren alboko autobus geralekutik. Autobuserako izena emateko azken eguna ekainak 24 izango da eta gutxienez 15 laguneko taldea osatu beharko da.

Sarrerak prezio ezberdinetan eskura daitezke, baina langabetuek eta 30 urtez azpikoek sarrerak hiru eurotan lortu ditzakete. Horretarako, sarrera (autobuseko tokia bezalaxe) erreserbatzea ezinbestekoa izango da (Azkoitia: 943 857170). Behin beharrezko erreserbak eginda, ikuskizuneko egunean bertan, interesdunak Kursaaleko leihatilara gerturatu beharko du eta bere adina —Ordu Gaztea— edo lan egoera —Langabetuak— egiaztatu ondoren, sarrera ordaindu. Sarrera horien kokapena egun horretan leihatilan erabilgarri dauden sarreren araberakoa izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide