Azkoitiak galdu egin du Azpeitiaren aurkako finalerdietako joanekoa

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 15a, 08:53

Oteiza Pilota Elkarteko pilotari azkoitiarrek azpeitiarren aurka jokatu dituzte herriarteko finalerdietako lehen partidak, eta 1-2 galdu dute. Partida horiek Azkoitiko Gurea jokatu zituzten atzo gauen, eta jendetza elkartu zen pilotalekuan. Kadete eta gazte mailako partidak galdu zituzten azkoitiarrek eta senior mailakoa irabazi zuten. 

Azkoitiko pilotariek Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren azken kanporaketako joaneko partidak jokatu dituzte Azpeitiko Ilunpe klubeko pilotarien aurka. Ohi bezala, kadete, gazte eta senior mailako partidak jokatu dituzte bi herrietako seina pilotarik. Hauek izan dira lortutako emaitzak: Mikel Aranbarrik eta Ioritz Astigarragak 7-22 kadete mailan, Iñaki Azkoitiak eta Jagoba Urangak 19-22 gazte mailan eta Alex Juaristik eta Jon Juaristik 22-19 senior mailan.

Finalerdietako azken partida datorren ostiralean, ekainak 21, izango da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide