Aittolako eta Elosuko Otaba jaiak, ate-joka

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 17a, 10:20
Aittolan iaz egindako erromeria. (Argazkia: Ibon Errazu)

Elosu eta Aittola auzoetan Otaba jaiak ospatuko dituzte datorren asteburuan. Zapatutik astelehenera bitartean hamaika ekintza izango dira Elosun, eta taberna zerbitzua ere eskainiko da jaietan. Aittolan, berriz, igandean ospatuko dituzte jaiak. Hona hemen bi festetako egitarauak:

Ekainaren 22an, zapatuan, goizeko 09:00etan emango diete hasiera jaiei Elosun, kanpai hotsek lagunduta, auzotarrek botako duten txupinazoarekin. Ondoren, 09:30etik 14:00etara bitartean, Elosuko Urola Hegiko erroten ibilaldia egingo dute, eta errotazar, errotabarri eta troskazulo bisitatuko dituzte. Ibilaldiaren ostean herri bazkaria egingo dute, eta 16:30ean mus txapelketa jokatuko dute. 20:30ean bertso afaria izango da Aratz Igartzabal eta Iker Zubeldia bertsolariekin batera. Honako menu hau eskainiko dute afaltzeko: zizka mizkak, entsalada, arkumea burruntzian eta postrea, 28 euroren truke. Afarirako eta bazkarirako izena eman beharko da 688 920 086 telefonora deituta. Afal osteko giroa alaitzen Lutxurdio eta Aitziber trikitilariak ariko dira.

Igandean, erretiratuen eguna ospatuko dute Elosun. 12:00etan, pilota partidak jokatuko dituzte auzoko pilotalekuan. 13:00etan, meza nagusia egingo dute elizan, eta gero, 14:30ean, erretiratuen bazkaria egingo dute Elurmendi elkartean. 18:00etan, penthlatoia proba izango da auzoko plazan. Aratz Mugerza eta Luis Txapartegi nor gehiago ariko dira; hauek izango dira egin beharreko lanak: zortzi arrobako harriari hamar jasoaldi, aizkoraz sei kanaerdiko ebaki, 50 kg-ko txingekin lau plaza, km bat korrika eta 400kg-ko harriarekin bi plaza gizon proban. Ondoren, erromeria izango da Lutxurdio eta Ansorregi trikitilariekin eta 22:00etan San Joan sua piztuko dute plazan.

Astelehena izango da Otaba jaietako azken eguna, eta Otaba Txiki eguna ospatuko dute. 12:00etan, auzoan hildakoen aldeko meza izango da lehenik. 13:00etan, Piskolabitx jolasa egingo dute, eta 15:00etan auzo bazkaria. 17:30ean, umeentzat, gazteentzat eta helduentzat antolatutako jolasak izango dira. 19:00etan, Laja II.a eta Lutxurdio trikitilariekin triki potea egingo dute, eta 21:00etan denak afaltzera joango dira. Afalostean erromeria izango da trikitilariek lagunduta. Jaiak gauerdian agurtuko dituzte Elosun.

Aittolan, igandean

Aittolan, berriz, igandean ospatuko dituzte jaiak. 12:30ean, meza egingo dute gurutzean. Ondoren, pintxoak, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio bertsolarien saioa egingo dute, eta gero, Izer eta Alabier trikitilariek alaituko dute auzoa. 14:00etan, bazkaria Attola Zarren eta ondoren, bertso saioa eta erromeria egingo dituzte berriz trikitilariekin, 21:00etara arte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide