Izibene Oñederra, Kimuak egitasmoaren katalogoan

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 12a, 09:03
Izibene Oñederraren 'Lursaguak' animazio filmaren fotograma bat. (Argazkia: Euskadiko filmategia).

Euskal Herriko film laburren katalogo prestigiotsuena da Kimuak. Urtero hautatzen dituen lanak Euskal Herrian eta nazioartean barreiatzen dituzte, zinemaldi ugaritan besteak beste. Eusko Jaurlaritzak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin antolatu ohi du zinema lan laburrak zabaltzeko Kimuak egitasmoa. 22. aldia du aurten; 65 lan aurkeztu dira, eta horien artean zazpi lan aukeratu dituzte; tartean, Izibene Oñederraren (Azkoitia, 1979) Lursaguak.

Dokumentala zein fikzioa, zientzia fikzioa eta animazioa bildu ditu aurtengoan Kimuak-en katalogoak. Hizkuntza aldetik, euskara hutsezko bi lanez gain, gaztelaniazko bi, euskaraz eta gaztelaniaz egindako beste bat eta ingelesezko bat daude. Horiez gain, Izibene Oñederraren Lursaguak (Escenas de la vida), mutua aukeratu dute. Bertan, artistak Helene Cixousen gogoeta bat du abiapuntu: sekula ezagutu gabeko espezie bateko milioika sator milaka urteko kultura baten azpiak jaten ari dira. Arte Ederretan lizentziaduna da Oñederra, eta, besteak beste, eskuz sortu eta produzitutako animaziozko filmak egiten ditu, beste errealizatzaileen proiektuetan parte hartzeaz gain. Oñederrak badaki zer den Kimuak-en katalogoan aukeratua izatea, hala nola, haren Hezurbeltzak filma hautatu zutelako 2007an eta Hotzanak, for your own safety animaziozko film laburra 2013an.

Kimuak-eko zazpi filmak aukeratzeko batzordea osatu dute: Carlos Plaza (Donostia Kultura), Carmen Serrano (Andaluziako Junta), Garbiñe Ortega (Ikuspuntu zinemaldiko zuzendari artistikoa eta Zineleku proiektuko zuzendaria), Roberto Barrueco (Bartzelonako MECAL jaialdiko zuzendaria) eta Ruth Perez de Anucita (Donostiako Zinemaldiko zuzendaritza batzordeko kidea).

2019ko gainerako lanei buruzko informazio gehiago BERRIAn.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide