Finalerako sailkapena dute jokoan palista azkoitiarrek

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 11a, 19:15
Hernanin bat eta bi nagusitu zen Azkoitia. (Argazkia: Kronika)

Azkoitiak bere eskuetan du gomazko paletako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finalean sartzea. Joaneko partidetan Hernanin bat eta bi irabazi ondoren, ostegunean, 19:00etan, jokatuko dituzte itzulerako neurketak, Gurean.

Palista azkoitiarrek oso gertu dute Gipuzkoako Herriarteko finala. Joan den ostegunean bat eta bi nagusitu zen Azkoitia, Hernanin. Itzulerako partidak jokatuko dituzte datorren ostegunean, ekainak 13, Gurean; 19:00etan hasiko dute lehia. Hernaniko emaitza errepikatzea nahikoa izango dute finalera iristeko azken urratsa emateko. Iker Epeldek 13 eta 20 irabazi zuen buruz buru kantxa osoan. Jokin Aizpuruk eta Igor Juaristik 5 eta 20 irabazi zuten binaka. Markos Azpirozek, berriz, 20 eta 10 galdu zuen zazpi koadroren barruan. Azkoitiak 50 tanto ditu alde; hernaniarrek, berriz, 38 dituzte alde.

Hamasei herriko parte hartu dute aurtengo gomazko paletako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan. Azkoitiarrek Mutrikun hasi zuten kanporaketa, eta lau eta bi nagusitu ziren. Final laurdenetan, Anoeta kanporatu zuten azkoitiarrek bost eta bateko emaitzarekin. Anoetan bat eta bi irabazi zuten palistek, baina Azkoitian ez zuten jokatzerik izan, Anoetak uko egin ziolako jokatzeari taldekide baten lesioagatik. Txapelak lortzeko lehian sartu aurretik, Hernani kanporatu beharko dute ostegunean. Finalera sailkatzea lortzen badu Azkoitiak, Usurbil-Tolosa kanporaketako irabazlea izango du aurkari ekainaren 23ko finalean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide