Chartreuse Terminorum proba irabazi eta errekorra ezarri du Imanol Alesonek

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 10a, 08:28
Imanol Aleson.

Korrikalari azkoitiarrak Chartreuse Terminorum lasterketa irabazi du. 200 kilometro egin ditu 48 ordu eta 44 minututan, errekorra ezarriz.

Imanol Aleson mendi korrikalari azkoitiarrak Chartreuse Terminorum lasterketa irabazi du. 15.000 metro positibo, 200 kilometro inguru egin ditu 48 ordu eta 44 minutuan. Lasterketako errekorra hautsi du, beraz, Alesonek. 40 parte hartzaile atera ziren irteera lerrotik ostiralean, ekainak 7. Hurrengo egunean, ordea, lau parte hartzaile baino ez ziren lasterketan. Lasterketan gehien irauten duen parte hartzaileak irabazten du Chartreuse Terminorum lasterketa, eta hori Aleson izan da.

Proban, korrika egiteaz gain, liburu batzuk aurkitu behar izan zituzten. Guztira hamalau liburu zeuden ezkutatuta eta liburu horien orriak batu behar izan zituzten parte hartzaileek. Parte hartzaile frantziar batek eta Alesonek hiru bira egin zituzten eta laugarrena egitera atera aurretik frantziarrak uko egin zion beste bira bat egiteari. Alesonek beste hamabi kilometro egin zituen, eta liburua ekarri zuen. Errekorra, beraz, hiru bira eta liburu batekin ezarri du. 60 kilometroko proba zirkularra da Chartreuse Terminorum. Antolatzaileen helburua da nork eman bost bira zirkiuitoari. Orain arte gehienez bi bira zeuden emanda.

Lasterketa «berezia eta polita» izan dela azaldu du azkoitiarrak. Argitasun gutxi izan dute proban, «ilunpean eta erdi galduta» ibili direla azaldu du. Igoera eta jaitsiera «oso gogorrak» izan direla ere adierazi du. Gainera, erlojua, iparrorratza eta mapa bat izan dituzte lagun. Ezin izan dute ez GPSrik, sakelako telefonorik ez bestelako laguntzarik eman.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide