37 neska-mutil, euskara ikasteko Mundukoloreak errefortzu programan

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 7a, 13:46
Mundukoloreak programako kideak. (Argazkia: Udala)

Udalak martxan duen Mundukoloreak programaren bidez, hezkuntza zentrotik kanpo, LH eta DBHko ikasleei euskara ikasteko errefortzu eskolak ematen zaizkie arratsaldero. Azken bi urtetan kanpotik Azkoitira bizitzera etorri diren ikasleei zuzendua dago programa, eta helburua da gaztetxoak lehenbailehen euskara ikastea D ereduko hezkuntza sisteman integratzeko. 37 neska-mutilek hartu dute parte programan; LHko 20 lagunek eta DBHko beste 17 pertsonek.

«Ikastetxeen eskaerari erantzunez» jarri zuen Udalak martxan Mundukoloreak programa eta «AEKrekin elkarlanean» gauzatzen du, Mari Jose Arregi Euskara zinegotziak azaldu bezala. Gaur ikasturteko balorazio bilera egin dute eta euskara zinegotzia haur etorkinen gurasoekin bildu da haien iritzia jasotzeko eta programa nola hobetu daitekeen denen artean jorratzeko. Bileran izan dira Floreaga Ikastetxeko, Xabier Munibe Ikastolako, Azkoitia BHIko eta AEK-ko arduradunak.

Gurasoei umeekin egiten duten lanaren inguruko xehetasunak eman dizkiete. Izan ere, hilero proiektu bat lantzen dute euskara ikasteko. Munduko eta bertako errezetak, munduko eta Azkoitiko jolasak, antzerki obrak, ipuinak, e.a. Mundukoloreak programan parte hartu duten ikasleek diploma bana jaso dute. Mailaren arabera, batzuetan 'Euskaraz bizitzeko gai zara' irakur daiteke eta besteetan, 'Euskaraz bizitzeko bidean zara'.

Gurasoak «oso eskertuta» agertu dira eskaintzarekiko eta eurek euskaraz ikasteko dituzten aukeren inguruko informazioa ere eskatu dute. Denek antzeman dute euren semeak edo alabak «egindako aurrerapena» hizkuntzaren ulermen edota erabilera mailan. Programaren helburua, nola ez, bada baita gurasoak ere euskarara erakartzea eta euskararen erabilerarekiko jarrera positiboa izatea, Mari Jose Arregi zinegotziak azaldu bezala, «Azkoitia oso herri euskalduna delako eta hizkuntzak integraziorako bidea zabaltzen duelako».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide