Ibaietatik ateratako zaborra ikusgai jarriko dute kalean

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 6a, 16:05

Ibaietatik ateratako zaborrak eta hondakinak ikusgai izango dira datorren asteartetik ostiralera bitartean —ekainaren 11tik ekainaren 14ra—, eliz atarian.

Maiatzaren 16an atera zituzten zaborrak Lidl supermerkatu zaharraren atzeko ibaiaren zatian eta Juin Txiki industrialdean. Lidl supermerkatu zaharraren atzeko ibai zatian 80 metro hondakin atera zituzten; Juin Txikin, berriz, 120 metro. Guztira 200 metro hondakin atera dituzte, beraz, Azkoitiko uretatik. Ordutik gordeta izan dute zaborra, baina orain ikusgai jartzea erabaki du herriko talde batek. Ekainaren 11tik 14ra bitartean eliz atarian izango dira hondakin horiek. Halaber, ibaietatik eta erreketatik ateratako hondakinen eta plastikoen argazkiak zintzilikatuko dituzte eliz atariko zuhaitzetan.

«Ez da garbiketa kontu bat, arazo ekologiko bat baizik», azaldu du Gorka Alberdik. «Pixkanaka-pixkanaka, gu konturatu gabe, itsasoan bukatzen dute hondakin horiek urak arrastaka eramanda», gehitu du. «2019an gaude eta batzuentzako ibaiak zabortegiak dira, eta hori onartezina da», adierazi du. «Neurriak jartzeko» eskaera egin dien Alberdik erakundeei. Horrekin batera, hondakinak erreketara eta ibaietara botatzea gizarteko «arazoa» dela kontzientziatu nahi dute.

Gorka Alberdik honako bideo hau bidali dio Maxixatzeni ibaietatik ateratako zaborra zenbaterainokoa izan den erakusteko:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide