Anari, Berri Txarrak taldearekin Kobetamendin

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 6a, 13:55
Anari Alberdi. (Argazkia: Ainhoa Beristain).

Berri Txarrak taldearekin Kobetamendin arituko diren izen gehiago jakinarazi dituzte, eta horien artean da Anari Alberdi (Azkoitia, 1970).

Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko abeslaria Radio 3-eko Carne Cruda saioan izan zen atzo, asteazkena, eta Bilboko Kobetamendin datorren uztailaren 14an eurekin batera ariko diren beste artisten izen batzuk ezagutzera eman zituen; tartean, Anari.

Saioan talde nafarraren abesti entzutetsuenetako batzuk entzun ziren (Ikusi Arte, Oreka, Zuri, Katedral Bat...) eta baita Urbizurentzat erreferente edota gustukoak diren artisten kantuak ere. Hain zuzen, horietako bat izan zen Anariren Epilogo kantua eta orduantxe esan zuen azkoitiarra ere Kobetamendin izango dela, abestian kolaboratzen duen Karlos Osinaga 'Txap'-ekin batera.

Oraingoz, hauek dira 15 gonbidatuetatik ezagutzen diren izenak: El Drogas, Leire Iseo, David Ruiz (La M.O.D.A), Aiora Renteria (Zea Mays), Iñaki Altolagirre 'Matxet' (Jousilouli, Anai-arrebak, Naizroxa, Sega Sound Killers), Anari, Karlos Osinaga 'Txap' (Lisabö) eta Martí Perarnau (Mucho).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide