Joseba Diaz: «Podiumaren borrokan ikusten nintzen, eta laugarren amaitzeak amorrua ematen dit»

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 5a, 13:15
Joseba Diaz, Zegama-Aizkorri kilometro bertikalean.

Joseba Diaz (Azkoitia, 1995) mendi lasterkari azkoitiarrak Zegama-Aizkorri mendi lasterketaren V. Kilometro Bertikalean parte hartu zuen joan den maiatzaren 31n. Azkoitiarra probako laugarrena eta lehen euskalduna izan zen helmugara iristen. Hala ere, lortutako emaitzarekin ez dago erabat gustura, podiumean sartu ez izanaren arantzarekin gelditu delako. Korrikalaria Maxixatzenekin izan da, lasterketaren gaineko balorazioa egiteko:

Lehen euskalduna Zegama-Aizkorri kilometro bertikal proban. Irabazteko faboritoen artean zure izena zegoen proba hasi aurretik. Gustura emaitzarekin?

Ez nago guztiz konforme. Maila handia zegoen lasterketan, baina podiumaren borrokan ikusten nintzen, eta azkenean laugarren amaitzeak amorrua ematen dit.

Podiumean sartu ez izanaren arantzarekin gelditu zara orduan.

Bai; pena handia eman zidan. Lasterketa amaitzeko minutu gutxi falta zirenean podiumeko postuetan nindoan, baina bukaeran karranpak izan nituen, eta azkenean laugarren sailkatu nintzen.

Zer autokritika egiten duzu lasterketaren inguruan?

Faborito nagusia Oriol Cardona kataluniarra zen. Berarekin itsutu nintzen eta azkenean asko sufritu nuen berari jarraitu ezinda. Uste dut neure erritmoa hartu beharra nuela, berarekin itsutu beharrean. Horrelako probetan indarrik gabe gelditzen bazara, segundo asko galtzen dituzu.

Hala ere, 39 minutu behar izan zenituen proba bukatzeko; irabazleak baino bi minutu eta 48 segundo gehiago. Aurrenekoen artean lehia estua egon zela dirudi denbora hori ikusita.

Proba Oriol Cardonak irabazi zuen. Aurten mundu mailako onenen artean dabil eta erakustaldia eman zuen. Hala ere, horrelako probetan aldeak oso txikiak izaten dira eta segundo gutxirengatik erabakitzen dira lasterketak.

Asko entrenatu al zara proba horretarako? Nola sentitu zinen egunean?

Beste lasterketetarako bezala entrenatu nintzen: astean 6-7 egunetan, Josu Larrañaga azpeitiarrak bidalitako entrenamenduak fin betez. Egunean bertan bero handia izan genuen, eta denok antzeman genuen errendimenduaren beherakada.

Zenbat aldiz parte hartu duzu lasterketa horretan? Datorren urtean ere parte hartzeko gogoz gelditu al zara?

Nire lehenengo aldia zen Zegaman. Urtero joaten naiz animatzera, baina korrikalari bezala lehenengo aldia zen. Oraingoz datorren urterako gogorik gabe nago [barrez]. Baina lasterketa iristen denean, ziur motibazioa etorriko zaidala.

Lasterketa berezia al da zuretzat? Zer azpimarratuko zenuke?

Ibilbide aldetik nahiko konplexua da; erritmoa hartzea asko kostatzen da. Lasterketari, zalantzarik gabe, jendeak ematen dio izena eta ospea. Ibilbide politagoak ehunka lasterketatan daude, baina horrelako jendetza eta zaletasuna hemen bakarrik. Horrek egiten du berezi lasterketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide