Karlos Arrizabalaga 'Xapatero'-ren pilotakadarekin hasi da V. Pelotai Eune

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 8a, 14:12

V. Pelotai Eune ospatzen ari dira gaur Azkoitian. Eguraldia lagun, jendetza ibili da goizean kalean, eta giro bikaina izan da.

Txistu doinuekin esnatu da herria, eta haiekin batera, erraldoiak eta buruhandiak kalejiran ibili dira herriko kaleetan. Txosna ere jarri dute plazan eta txorizo egosia eskaini dute bertaratu direnentzat. 12:00etan, nesken txapelketako hiru partida eta finala jokatu dituzte Kontzejupean: Haizea-Saioa eta Nagore-Sara bikoteek jokatu dute lehen partida; Edurne-Irantzu eta Libe-Oihana bikoteek bigarrena, eta, azkenik, finala jokatu dute Eneritz-Leire eta Maria-Oihana bikoteek. 21 eta 21 berdinduta iritsi dira bukaerara, eta azkenean Eneritz Garate eta Leire Martin nagusitu dira, bigarren urtez jarraian.

Finala amaitutakoan, sari banaketari ekin diote. Eta ondoren, pilotari zaharrak omendu dituzte Kontzejupean, Julene Iturbe bertsolariaren bertso sortak lagunduta. Segidan, Karlos Arrizabalaga 'Xapatero'-k pilotakada bota du egunari hasiera ofiziala emateko. Gero, mutilen pilota partida erakustaldia hasi dute: Epelde-Zendoia bikote azkoitiarra Iurgi-Uzkudun bikote azpeitiarraren aurka aritu da. 14:30ean, bazkaria egin dute Berdura plazan, eta 260 lagun inguru bertaratu dira.

Arratsaldean partida gehiago

Bazkalostean, arratsaldeko egitarauari emango diote jarraipena. 17:30ean, 'kaleazka' herrikoia egingo dute Kontzejupean. 18:00etan, berriz, Oteiza Pilota Eskolako gazteek bi partida jokatuko dituzte. 19:00etan, nesken pilota partida erakustaldia izango da. Arrieta-Bikendi bikote azkoitiarra, Orbegozo-Badiola bikote azpeitiarraren aurka lehiatuko da. Emakumeen partida bukatu bezain laster, mutilen pilota partida erakustaldia izango da. Andueza-Juaristi bikote azkoitiarra, Egiguren-Urbieta bikotearen aurka arituko da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide