Jendetza elkartu da plazan Herri Jaiaren festan

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 9a, 17:02

Gaur eguerdian Herri Jaia izan da plazan, eta bertaratu diren herritarrek aukera izan dute herriko baserritarren nekazaritza produktuak erosteko, txahal errearen mokadutxoa egiteko eta etxe desberdinetako sagardoa dastatzeko. Nekazariek zortzi postu jarri dituzte. Besteak beste, barazkiak, loreak, gazta, eztia, ogia eta beste hainbat produktu eskaini dituzte.

Herri Jaia Azkoitiko baserritarrak eta baserriko bizimodua txalotzeko sortutako ekimena da, baserriko produktuak balioan jarri, plazaratu eta kontsumitzaileak bertako produktuen kalitateaz jabetzen laguntzeko. Herriko baserri hauek parte hartu dute: Ipintza, Zumeta, Santa Kutz, Etxearreta, Zabaleta eta Berastegi. Halaber, postuak jarri dituzte Errezilgo dendak eta Oreka elkarteak.

Horrez gain, urtero bezala, Ikurriñaren plazan txahala erre dute, eta Eusko Labela duen txahalaren okela pintxoa dastatu dute herritarrek. Gainera, pintxoei laguntzeko, etxe ezberdinek ekoiztutako sagardoa edan dute zenbaitek. Guztira, lau sagardogile izan dira: Aburuza, Lizeaga, Añota eta Zabala.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide