Aurrea hartu du Azkoitiak, Altzon

Jon Juaristi, senior mailako pilotaria.

Eskuzko pilotari azkoitiarrak abantailarekin iritsiko dira datorren ostiralean, ekainak 7, Gurea pilotalekuan jokatuko dituzten itzulerako partidetara. Kadete eta senior mailan nagusitu da Azkoitia, Altzon.

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren eskuzko finalerdietatik zerbait gertuago da Azkoitia Altzon bat eta bi irabazi ondotik. Kadete eta senior mailako partidak irabazi zituzten pilotari azkoitiarrek Altzoko Altzo Muino pilotalekuan; gazte mailako partida galdu zuten.

Mikel Aranbarrik eta Ioritz Astigarragak 16 eta 22 irabazi zuten kadete mailako partidak. Gazte mailan, berriz, 22 eta 10 galdu zuten Iñaki Azkoitiak eta Jagoba Urangak. Senior mailako Alex Juaristi-Jon Juaristi bikoteak 13 eta 22 irabazi zuen. Ondorioz, bat eta bi aurrea hartzea lortu du final laurdenetan Azkoitiak Altzoren aurka.

Datorren ostiralean, ekainak 7, jokatuko dituzte itzulerako neurketak, Gurea pilotalekuan. Finalerdietara sartuz gero, Azpeitia-Hernani kanporaketako irabazlearen aurka aritu beharko dute azkoitiarrek. Joaneko partidak jokatuta, Azpeitiak hiru eta huts menderatu zuen ostiralean Hernani, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide