Rally giroa Plazaberriko auto erakustaldian

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 31a, 21:18

I. Goilurrak Basque Highlands Rallya jokatuko dute bihar, ekainak 1, Goierri eta Urola bailaretan. Zortzi zati izango ditu rallyak, eta Azkararatetik bi aldiz pasatuko dira autoak. Gaur, ostirala, irteera ekitaldia egin dute Plazaberrin, eta jendetza erakarri du.

Gaur ostirala, Azkoitian izan dira I. Goilurrak Basque Highlands Rallyan parte hartuko duten auto guztiak. Plazaberrin elkartu dira parte hartzaileak. Lehendabizi Lazkaon egiaztatu dituzte auto parte hartzaileak, eta handik Azkoitira etorri dira autoak. Plazaberriko irteera ekitaldia amaitu ostean, autoak Lazkaoko plazara eraman dituzte.

Zapatuko rallya, Azkaraten

I. Goilurrak Basque Highlands Rallyak bi zati egingo ditu Azkoitiko Azkaraten, zehazki, bigarren eta laugarren zatiak. Mandubia eta Azkarate tartekatuz egingo dituzte rallyaren goizeko lau zatiak.

Mandubiatik 09:40 inguruan iritsiko dira autoak Azkaratera, eta orduan burutu beharko dute Azkoitiko lehen zatia. Azkarateko lehen saioa amaitutakoan, berriz ere Mandubiara joan beharko dute parte hartzaileek. Azkoitira 12:55ean itzuliko dira herriko azken saioa egiteko. Goizeko lau zatiak amaitutakoan, Azkoitiko plazan egingo dute neutralizazioa, 13:35 inguruan. Arratsaldean, berriz, Garinen eta Mutiloan egin beharko dituzte rallyko beste lau zatiak. Antolatzaileek azaldu dutenez, Azkarateko errepidea itxiko dute 08:30etik 14:30era.

70 bat autok parte hartuko dute zapatuko rallyan. Horietako auto batean Mikel Madinabeitia eta Iraitz Olariaga azkoitiarrek parte hartuko dute. Lazkaoko Ikullu Razing Eskuderiak eta Azkoitiko Errebueltie Eskudeixek antolatu dute rallya, eta Euskal Herriko txapelketarako puntuagarria izango da. Halaber, Euskadiko Automobilismo Federazioaren egutegiaren barruan sartu dute.Antolatzaileek azaldu dutenez, 5.000 ikusle inguru espero dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide