Jakin-mina piztu du Jakoba Errekondoren hitzaldiak

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 31a, 21:01
Jakoba Errekondo.

Sustraiak Bizirik Kultur Elkarteak antolatutako baratze jardunaldietako azken hizlaria izan da Jakoba Errekondo. Gaur, ostirala eman du hitzaldia Elkargunean agronomista eta paisajista usurbildarrak.

Ezaguna da hainbat hedabidetan landare gaien inguruan parte hartzeagatik. Hala nola, Argia aldizkarian, Euskadi Irratiako 'Landaberri' saioan, eta www.bizibaratzea.eus webgunean. Elhuyar Zientzia Aldizkarian ere kolaboratzaile gisa aritu da. Urte luzez Landa Garapeneko herri txikien biziberritze proiektuetan jardun du teknikari gisa, baita proiektuak sortzen, diseinatzen eta zuzentzen.

Gaurko hitzaldian baratzeko hainbat trikimailu azaldu ditu. Dozenaka lagun elkartu dira Elkarguneko aretoan, eta herritarren galderei esker eztabaida oso interesgarriak izan dira. Baratzetako ongarriaz, lantzen den haziaren jatorriaz eta janariaz hitz egin du, besteak beste. Elikadurari garrantzia gehiago eman behar zaiola azpimarratu du, eta etorkizuneko gerra gosea izango dela ere gaineratu du. Orain dena kanpotik ekartzen dela esan du, zer ekartzen ari diren jakin gabe, eta horregatik, baratzeetan gaitzak ugaritzea oso erraza dela argitu du. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide