Iraurgi Abesbatza, 40 urte herriari abesten

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 7a, 09:55
Iraurgi Abesbatzako kideak.

Iraurgi Abesbatza 1979. urtean sortu zen, duela urte asko Aita Otañok sortu zuen Orfeoi Azkoitiarrari jarraipena emateko asmoz. Urte hauetan, bere lana Euskal Herriko, Espainiako eta Europako herrietatik erakusten jardun du, eta arrakasta handia lortu du.

Iñaki Maidaganen zuzendaritzapean dago 2010. urtetik. Aurretik, M. Larrañaga, M. M. Azpiazu, Maria Jesus Larrañaga eta Ainhoa Arrieta izan ziren zuzendaritzan.

Azkoitiko hainbat ekitalditan parte hartzen du herriko beste talde batzuekin:

  • Bizkargi Musika Eskolak antolatzen duen Taldez Talde ekitaldian
  • San Juan Suan, udal bandarekin eta parrokiako koruarekin
  • Andramaixetako salbean, parrokiako koruarekin
  • San Andreseko jaialdian (bi urtean behin), Sahatsa dantza taldearekin eta udal bandarekin
  • Gabonetako kontzertuan, udal bandarekin

Azkenaldian hainbat ekintza handitan parte hartu du. 2015ean, Arrasateko Goikobalu abesbatzarekin batera, Carmina Burana opera eman zuen Baztartxo aretoan. 2016ko abenduan, La Caixak antolatuta, Haendelen Mesias abestu zuen Donostiako Kursaalean, Gipuzkoako beste abesbatza batzuekin batera. Eta 2017an, lau kontzertu jo zituen Al Solle Della Sardegna jaialdiaren barruan (Sardegna, Italia).

Abesbatza lau taldetan banatzen da (ahotsak): sopranoak eta kontraltoak (emakumeak), eta tenoreak eta baxuak (gizonak). Gaur egun honela dago osatuta: 11 soprano, 5 kontralto, 5 tenore eta 7 baxu. Entseguak astelehen eta asteazkenero izaten dira, 20:30etik 22:30era arte, Baztartxo aretoko 1. pisuko gelan. Saio horietan afinazioa, notak, erritmoa eta abar lantzen dira, ahots bakoitzetik hasita, koru osoa koordinatu arte.

Urte hauetan guztietan errepertorio zabala eta askotarikoa landu du, sakroa zein profanoa. Hizkuntzak ere ez dira izan oztopo: euskara, gaztelania, ingelesa, italiera, latina, errusiera....

Ekaineko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako artikulua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide