Olinpia, antzokia baino gehiago

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 2a, 10:10
Olinpia eraikina.

Hamar urte bete dira aurten Azkoitiko Olinpia eraikina eraitsi zutenetik. 1925ean eraiki zuten, zinema eta antzerki areto izateko asmoz. Etxebizitzak ere izan zituen goian, eta merkataritza lokalak ere bai behean. Antzerki eta zinema historia ikertzeaz gain, Olinpia eraikinaren inguruan bizitako herritarrekin hitz egin du Maxixatzenek.

1920ko hamarkadara egin behar da atzera Azkoitiko Olinpia eraikinaren historiaren hastapenak ezagutzeko. Horrela esan du, behintzat, Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko historialariak. «Zentzu handia du Olinpiak Azkoitian», hasi da Mendizabal. Udal artxibategiko 1903ko dokumentuetan ageri dira lehen aldiz zinematografoen saioak. Mendizabalek azaldu duenez, Azkoitiko Udaleko bilkura aretoan egiten zituzten film saioak. Film baten irudiak ematen zituzten, film mutuak; gero, baina, aretoan bertan zegoen pertsona batek ahots bidez kontatzen zituen pasadizoak, edota piano doinuez girotzen zuen aretoa.

Udala hasi zen horrelako film emanaldiekin, baina gero alderdi politikoak ere hasi ziren zinematografoaren saioak antolatzen. «Alderdi politikoak indarra hartzen ari ziren garai hartan Azkoitian; politika bizitzen eta tenkatzen ari zen», dio historialariak. Mendizabalek dioenez, karlistak, karlisten barruko beste aldaera batzuk eta integristak ziren nagusi herrian; nazionalista batzuk ere baziren, eta sozialistak, berriz, gutxiago ziren. «Ia denetan erdarazkoak izaten ziren, baina abertzaleenetan, euskaraz», azaldu du.

Sasoi hartan Azkoitian ez zen areto edo antzokirik, eta kulturari lotutako ekitaldi eta ekintza guztiak herriko plazan zegoen alondegian egiten zituzten. Azkoitiko alondegian ardoa, olioa, aleak eta beste zenbait janari saltzen zituzten. Eraikin horiek normalean udalek kudeatzen zituzten. Azkoitian ere modu horretan funtzionatzen zuen egun Torre Zuri erakustokia dagoen alondegiak. Mendizabalek dio erakustokiaren sarreran «arku handi bat» zegoela, gaur egun dauden arkuen parekoa gutxienez; atzetik aurrera egun Berdura Plazak duen garaiera zuen. «Barruan ez zegoen dendarik, eraikin itsua zen; sarrera handia zuen, bi ate zituen alboetan, nazionalen eskoletakoa. Bat mutilena zen, eta bestea neskena», gehitu du. Barruan kalean bezalako galtzada zegoela ere azaldu du historialariak. «Alondegia pixka bat txukundu, eta han egiten zituzten antzerkiak eta gainerako kultur ekitaldiak. Alondegi hura zen garai hartako Azkoitiko antzokia», kontatu du.

Historialaren hitzetan, Azkoitian zinema «garrantzitsua eta balio handikoa» zen; Euskal Pizkundearen garaia zen, eta sasoi hartan «euskal kultura aldarrikatzeko zaletasuna» zegoen. «Euskal kontakizunen eta bertsoen txapelketak egiten ziren, baita kanpotik etorritako hitzei euskal izena jartzeko lehiaketak ere». Horrekin batera, antzerkizaletasuna aipatu du Mendizabalek: «Gure historian egon den antzerkizaletasun handiena garai horretakoa da». Herriko eskola guztietan zegoen antzerkizaletasun handia. «Karrozak ere ateratzen zituzten askotariko gaiei lotuta». Eliza ere «oso aktiboa» zela gogoratzen du historialariak.

Atmosfera horretan, antzoki duin baten beharra ikusi zuten Azkoitian, eta antzoki oso xumea egin zuten, Olinpian. Eliza ez zen urrun ibili antzokiaren sorreran, eta Olinpiaren zati handi bat jabegoan izan du amaierara arte. «Elizak berak erabaki zuen saltzea», dio Mendizabalek. Antzokia alondegitik gertu egin zuten, haren atzean hain justu. «Egungo Berdura Plazaren atzeko errepidea garapen gutxikoa zen. Malkorbide esaten zioten garai hartan errepide horri. Errepidea prozesioari itzulia emateko garatu zuten; prozesioak garai hartan kalean gora egiten ziren, baina itzulia eman ezinda ibiltzen ziren», gogorarazi du.

Eraikina barrutik

Olinpia eraikinak, aurretik begiratuta, bi eskailera zituen. Atzeko aldean, berriz, etxeetara igotzeko eskailerak zeuden, antzokiaren gainean zortzi etxebizitza baitzeuden. Azkoitiko historialariak dioenez, 1930eko hamarkadan eraiki zituzten etxeak. «Aretoak, goian, anfiteatroa zuen. Adornu gisa, berriz, zilarrezko purpurina kolorea zegoen hormetan», dio Mendizabalek. Gogoan du, halaber, antzokiaren horma nagusian maskorrak zeudela: «Agertokiak, alboetan, bi maskor handi zituen. Maskorretatik gora, berriz, fluoreszente handi bana ateratzen zen». Agertokiaren goiko aldean antzokiaren armarria zegoen, C, T eta O hizkiekin osatutako armarria: Cine-Teatro-Olimpia.

Herritarren elkargune

Olinpian sarri-sarri egiten ziren ekintzak: konferentziak ez baldin baziren, herri batzarrak edo alderdi politikoen mitinak egiten zituzten. Mendizabalek azaldu duenez, Olinpian egin ziren Azkoitiko 600. urteurreneko konferentziak. «Ordurako nabari zen herrian euskal giroko politika eta kultura; sendotzen hasia zen askatasun gogoa», dio. Jose Antonio Agirre lehendakaria eta Manuel Irujo jeltzalea Olinpian izan ziren, eta han bildu ziren alderdi sozialistako kideak eta Frankismo garaiko ministroak ere. Kolore guztietako politikariak bildu ziren, beraz, Olinpian. Herriko batzar handiak ere Olinpiako antzokian egiten zituzten, hala nola kooperatibaren batzarrak. Parrokiako lanak zirela eta, eliza ere izan zen Olinpian lau urtez: 1988tik 1992ra obrak egin zituzten parrokian, eta Olinpiara lekualdatu zuten eliza.

Hamar urte eraitsi zutela

Aurten hamar urte bete dira Olinpia eraikina bota zutela. Zehazki, 2009ko urtarrilean bota zuten «askorentzat berezia» izan den eraikina. Mendizabalek azaldu duenez, «Olinpiaren zati handienaren jabegoa elizak zuen, eta parrokia bera hasi zen gerora etxea saltzeko lehen urratsak egiten». Eraikinak gastuak sortzen zituen, ordea, eta eraistea erabaki zuten. «Olinpiari maitasuna zion jendeak», azaldu du, azkenik.

 

 

Koldo Alkorta Albizuri, Olinpian jaio zen azkoitiarra

Olinpia eraikinean jaio zen Koldo Alkorta Albizuri (Azkoitia, 1954). Haren aitonarena zen Olinpiako etxebizitza, baina aitona etxez aldatu, eta ama ezkondu zen bertara. Eraikinaren azken solairuan bizi zen Alkorta; «etxe oso berezia» zela oroitzen du.

Kaletik etxera iristeko, 100 eskailera igo behar izaten zituen egunero Alkortak. Lehen eskailerak igota, haren osaba-izebak bizi ziren, eta beste eskailera aldi bat, eta beste etxebizitza bat zegoen. Hurrengo eskailerak igota, berriz, «trantsitua» zegoen, pasilloa, eta han beste lau etxetarako ateak zeuden. Azken eskailerak igota, berriz, Alkorta bizi zen etxea zegoen. «Etxe barruan ganbara genuen; han futbolean-eta asko jolastutakoak gara. Teilatura irteteko leihoa ere bazen han, eta haserretutakoan bertara ateratzen nintzen», gogoratzen du.

Gogoan ditu ume zirela han egindako jolasak. Inguruan «jolas asko» egindakoa da Alkorta: «Barraskiloak hartu eta lasterketak egiten genituen». Trantsituan, berriz, baloiarekin ibili ohi ziren. «Dinbi-danba ibiltzen ginen, ateak jotzen genituen, eta korridorea argitzen zuen fluroreszentea sarritan hautsi genuen; azkar ezkutatzen ginen orduan», azaldu du, barrez. «Denak denen etxeetan» ibiltzen zirela gogoratzen du.

Sasoi hartan etxe gutxitan zegoen telebista, eta, horregatik, jende asko biltzen zen Floreagako, Olinpiako eta Baztartxoko zinema aretoetan. «Duroa inguru» ordaintzen zuten filma ikusteko. Guztien gainetik, ordea, pelikula bat du gogoan Alkortak: Azkoitian sekulako euri jasak egin zituen egun batean, Quo Vadis filma eman zuten Olinpian. «Lau orduko pelikula zen, eta Olinpia bete egin zen. Hiru ordu pasatu zirenean, errekaz bestalde bizi zirenei etxera joateko gomendioa egin zieten, ibaia gainezka egitear zegoelako», kontatu du.

Duela hamar urte eraitsi zuten Olinpia, eta penaz oroitzen du. «Ordura arte han bizitako guztia bota zuten, gure Olinpia. Hango xarma, hango pertsonekin han izandako hartu-emana eraitsi zuten», azaldu du Alkortak, amaitzeko.

 

Nere Larrañaga Aranbarri, Olinpia inguruan urte asko pasatako azkoitiarra

Olinpia eraikinaren alboan zegoen Bene tindategia. Familia hartako kidea da Nere Larrañaga Aranbarri (Azkoitia, 1972), eta gogoan ditu Olinpia eraikinaren ingurua eta han usaintzen zen giroa. Zinema aretoa itxita zegoen ordurako, baina gogoratzen da sendotza Olinpian egin zuela: parrokiako lanak zirela eta, Olinpiara lekualdatu zuten eliza.

«Hain gertu eta horren urrun zegoen...», hasi da Larrañaga. Taberna inguruko pasadizoak ditu gogoan. Tabernako kideak oso atseginak eta maitagarriak zirela dio. Halere, taberna oso jende gutxirentzat zela azaldu du, «herrian integratu gabe zeudenentzat edo». Taberna «zeharo beltza» zela oroitzen du. «Oliba ozpin eta urdaiazpiko usaina egon ohi zen», dio. «Ez zen batere atsegina; itsaskorra zen. Gogoratzen dut, gainera, uralitazko barra zuela tabernak».

Zortzi urte inguru izango zituen Larrañagak: 1980ko hamarkada ingurua zen. Eskolatik tindategirako eta tindategitik etxerako bidea egiten zuen gehienetan Larrañagak; tindategian bizi zen kasik. Eraikinaren atzeko aldean «jolas asko» egindakoa da: «Sarritan ibilitzen ginen Olinpia eraikinaren inguruan, denbora asko pasatzen genuen; egunetik gauera han bizi ginen».

Ordura arte inoiz atzerritarrik ikusi gabea zen azkoitiarra, eta Berdura Plazaren atzeko aldean ezagutu zituen lehenak. Bat ingeles ilegorri bat zela oroitzen du: «Mehe-mehea zen, ilegorria, eta trajea jantzita ibili ohi zen. Xelebrea zen guretzat hura ikustea; orduan mundu berri bat ezagutzea zen Azkoitian». Afrikar jatorriko lehen pertsona ere han ikusi zuela azaldu du Larrañagak. «Lehen prostitutak ere han ezagutu nituen». Azkoitian «lehenak ez baldin baziren lehenetakoak» izango zirela uste du azkoitiarrak. Gogoan du boxeolari bat ere izaten zela askotan taberna barruan: «Joseba el boxeador deitzen zioten, antza».

Ekaineko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako erreportajea.

Erlazionatuak

Olinpiako irudiak

Maxixatzen.eus 2019 eka 30 Azkoitia

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide