Iaz baino 30 talde gehiago 3x3 Futbol Festan

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 30a, 10:35

Izen-emate epea amaituta, «aurreikuspen guztiak hautsi» ditu aurtengo 3x3 Futbol Festak. Antolakuntzaren arabera, 800 neska-mutilek parte hartuko dute 190 taldetan banatuta. Iaz baino 140 haur gehiagok eman dute izena, eta beraz, 30 talde gehiago osatu dira.

VI. Futbol Festa ekainaren 21ean, 22an eta 23an izango da eta antolatzaileak partidak planifikatzen hasiak dira. Aurreko urteetan bezala, 5 eta 12 urte bitarteko umeek jolastuko dute, 2007 eta 2014 urteen artean jaiotakoak. Hamar udalerritako gaztetxoak izango dira Azkoitian Futbol Festan: Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Zestoa, Zumaia, Getaria, Zarautz, Urretxu, Zumarraga eta Legazpi.

Antolatzaileen esanetan, hasiera batean, hiru egun ezarri arren, «seguruenik laugarren bat» gehitu beharko dute, ekainak 20, osteguna, alegia. Bestetik, ekainaren 21ean ikasturte amaierako jaialdia egin ohi dute eskolek eta «kontutan» hartuko dute partiden ordu eta egunak antolatzeko orduan. Elastikoa eta domina jasoko dute partaideek. Kamisetak ekainaren 18an banatuko dira Kontzejupean,18:00etatik 20:00etara bitartean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide