«Sakratua da guretzat lagunartean kartetan aritzea»

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 28a, 10:33
Ezkerretik eskuinera: Maria Gloria Larrañaga Iturbe (Azkoitia, 1919), Maria Isabel Lete Arrizabalaga (Azkoitia, 1933), Maria Teresa Aldazabal Larrañaga (Azkoitia, 1923) eta Maria Nieves Arregi Idigoras (Azkoitia, 1928).

Lau laguneko kuadrillatxoa elkartzen da egunero-egunero Jausoroko okindegian kartetan aritzeko. Zaletasun hori izatea ez litzateke hain aipagarria izango haien adina kontuan hartu gabe: 90, 100, 85 eta 96 urteko lau emakume dira. Umorea galdu gabe, eskuzabalik hartu dute Maxixatzen lagunartean. Haien hitzetan, eguneko unerik ederrena izaten da da kafetxo batekin lagunekin kartetan egitea.

Noiztik elkartzen zarete Jausoron laurok?

Hamar bat urte izango dira hemen elkartzen hasi ginela. Kuadrillatxoa egin dugu hemen bizi garenok. Batzuk elizara meza entzutera joanda ezagutu ginen, eta beste batzuk auzotik. Lehen, Jausoroko banku batean elkartzen ginen, jende mordo bat. Eta gerora, gutxiago ginenean, okindegian elkartzen hasi ginen.

Eguraldiaren arabera ibili izan gara beti. Euria edo hotz handia egiten badu, etxean gelditzen gara, eta ez gara elkartzen. Ateri egiten duenean bakarrik ateratzen gara etxetik. Eguraldiagatik jaitsi edo ez zalantzak ditugunean, berriz, telefonotik deitzen diogu elkarri. Eta gaixo gaudenean ere berdin: telefonoz egoten gara, ez garela jaitsiko abisatzeko.

Ondo bidean, egunero 16:30ean elkartzen gara. Buelta bat ematen dugu Jausoro auzotik elkarrekin, eta gero kafetegira sartzen gara. Batzuetan, animatuta gaudenean, erreka aldetik buelta luzeagoa ematen dugu, eta alfer aldia dugunean buelta txikiagoa egiten dugu. 19:15 alderako joaten gara berriz etxera.

Nolatan hasi zineten kartetan jokatzen?

Jausoroko kafetegian elkartzen hasi ginenean, tertulia egiteko geratzen ginen, baina batzuetan aspertu egiten ginen, konturik ez genuelako izaten, eta gerora kartetan hastea pentsatu genuen, denbora-pasa.

Zertan jokatzen duzue?

Maria Teresa: Seiko urrean jokatzen dugu beti, besterik ez dakigulako, tuntunen pare [barrez]. Maria Gloriak eta Maria Isabelek eskoban ere jokatzen dute, biak bakarrik daudenean.

Kartetan jokatzeak burua lantzeko mesede egiten al dizue?

Bai, burua lantzeko balio digu. Besteak zer karta aterako duen eta niri zer botatzea komeni zaidan pentsatzen egoten gara une oro. Maria Gloria eta Maria Teresa, berriz, etxean solitarioan ibiltzen dira kartekin.

Jokozaleak al zarete?

Maria Isabel: Bai, betidanik izan dugu jokorako zaletasuna Maria Gloriak eta nik, batez ere. Ostegunetan bingora elkarrekin joaten gara Plaza Ondo elkartera. Hori ez dugu berehala utziko, ezta euriarekin ere; amorratzen joaten gara. Ostegunetan etxeko lanak ere gusturago egiten ditut arratsaldean bingora noalako [barrez].

Maria Teresa: Noiznahi etortzen dira handik poltsa diruz beteta.

Maria Gloria: Hogei zentimo botatzen ditugu kartoi bakoitzarekin, eta batzuetan birekin ere jokatzen dugu. Eta, irabaziz gero, han jasotakoa eramaten dugu etxera.

Zein da laurotan onena?

Maria Nieves: Zortea duenak irabazten du, Maria Gloriak eta Maria Isabelek gehienetan. Batzuek beti galdu gehiago egiten dugu; nik normalean beti galdu, tartean behin irabazi arren. Eskerrak bost zentimo jokatzen ditugun, bestela haserretuta elkarri helduko genioke [barrez]. Hogei joko eginda ere euro bat galtzen dugu, eta hori ez da asko. Gu ez gara jokoan haserretzen.

Pozik irteten al zarete etxetik jokoan egitera?

Bai, eguneko momenturik ederrena izaten da: kafea hartu jateko zerbaitekin, lagunekin hitz egin eta kartetan egin. Hori sakratua da guretzat; kartetan egiteko zain egoten gara.

Beti leku berean esertzen al zarete?

Bai, kafetegiko azken mahaian esertzen gara beti. Lehen, egunero ate ondoan jartzen ginen, baina neguan hotza hasi zenean beste bezero bat jarri zen han, eta isil-isilik guk mahaia aldatu genuen. Haserretu gabe aldatu ginen; bakea behar dugu [barrez].

Kafetegiko kristaletik begira gauzak komentatzeko ere aprobetxatzen duzue.

Aspertzen garenean berriketan hasten gara. Kafetegiko atea irekitzen bada ere, nor sartzen den begiratzen dugu, baina isil-isilik jokoan jarraitzen dugu. «Orain zuri tokatzen zaizu!», «Nork eman du azkena?» edo «Ez, hark eman du»... horrela aritzen gara gero beti despistatzen garenean.

Ekaineko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako elkarrizketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide