Mendien paretetatik eraikinen paretetara: zaletasuna, ogibide bilakatua

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 29a, 09:15
Jakes Uranga eta Jon Segurola.

Esku enpresa osatzen dute Jakes Uranga Repullesek (Azkoitia, 1980) eta Jon Segurola Larrañagak (Azkoitia, 1979). Eraikinen kanpoko lanak egiten dituzte, fatxadetakoak. Sokekin lan egiten dute: iristeko hain errazak ez diren lekuetan erosotasunez lan egiteko modua ematen diete sokek.

Nolatan hasi zineten lanbide honetan?

Duela hamar bat urte hasi ginen. Xabier Eizagirre Uzin Potronko-k eraikinen fatxadak konpontzen zituen sokekin; hark eskalatzen ikusi gintuen, eta lanean jendea behar zuela esanda hasi ginen.

Eskalatzeko pasioa bazenuten, baina gainerako ofizioak ikasi egin behar izan al dituzue?

Bai, eta ez da batere erraza izan. Sokekin abilak ginen, baina igeltsero, iturgin eta margolari lanak ikasi egin behar izan ditugu denborarekin. Zortea izan dugu Potronko irakasle edukita.

Nola daramazue zintzilik lan egitea?

Taburete bat edukitzen dugu eserita egoteko. Alboan burdina batzuk izaten ditugu materialarekin: masa, pintura… Batzuetan balkoian hankak jarrita lan egin dezakegu, baina beste batzuetan erabat zintzilik pasatu behar izaten ditugu orduak. Goitik behera jaisten lan egiten dugu: zulatzen, masa ematen, margotzen… Denbora osoan aktibo gaude.

Ezustekorik izan al duzue lanean?

Orain arte, ez. Ez da lan arriskutsua, jendeak horrela pentsatu arren.

 

Egin beharrekoa kalitatearekin eta ondo egin nahi dugu

 

Jendeak zer esaten dizue zuen ofizioaz?

«Hori duk zortea, ofizioa eta afizioa, biak batean». Guk esaten diegu ez dela eskalatzera joatea, bietan sokak eta teknika berbera erabili arren. Horrek baliabideak eta erraztasunak ematen dizkigu oso erraz iristerik ez dagoen lekuetara joateko, baina guk egiten duguna lana da, ez du ezer eskaladatik. Beste batzuek, berriz, esaten digute kontuz ibiltzeko, balio egin behar dela lan horretarako eta diru asko irabazi beharko genukeela [barrez].

Nolako lanak egiten dituzue?

Teilatua berrikusteko lanak askotan. Horiekin batera, kanaloi garbiketak ere oso garrantzitsuak dira. Barruko patioetan konponketak egiteko ere asko deitzen digute, aldamioak-eta jartzea baino guk sokekin lan berbera egitea ekonomikoago ateratzen delako. Oro har, fatxadak eraberritzeko lan mota asko egiten ditugu.

Sokak gogorrak izaten al dira?

Oso: 2.000 kilo ingururi eusteko gai da gure soka bat. Hala ere, sarri aldatu behar izaten ditugu, denborarekin propietatea galtzen joaten direlako. Egurats gorrian egoten dira sokak askotan gu lanean ari garen bitartean: eguzkiak eta hotzak asko eragiten diete, baita erabiltzen ditugun lanerako produktuek ere. Soka berri bat goxo-goxo egoten da, eta zahar bati korapiloa egitea ere kosta egiten da. Beti bi sokarekin lan egiten dugu, langileok seguru egoteko. Jasogailua ibiltzea baino seguruagoa da sokekin aritzea.

Eguraldiak asko baldintzatzen al du zuen lana?

Bai, baina beti egoten da zerbait egiteko, baita euriarekin ere. Hala ere, eguraldiari asko begiratzen diogu, eta ezin dugu zehazki jakin noiz bukatuko dugun lan bakoitza.

 

Zintzilik pasatu behar izaten ditugu orduak

 

Konpetentzia handia al dago zuen lanean?

Ez handirik, baina Azpeitian bertan badago beste bertikal enpresa bat. Ordu batzuk datorren urterako ari gara ematen dagoeneko. Lanez osatuta gaude momentuz. Gainera, 50 urte eginak dituzten etxebizitzek azterketa teknikoa pasatu behar dute, eta horrekin asko handitu zaigu lana. Bestalde, Azkoitian ibai ondoko etxe asko dago, eta lana izango dugula uste dugu; bestela, ea nork egin behar duen.

Hainbat gremio lan zeuek egiten dituzue; bezeroak eskertzen al du hori?

Bai. Gure indargunea da dena egiten dugula: iturgintza, margoketa, igeltserotza… Gas instalazioak kenduta, gainerako gremio denak egiten ditugu. Modu horretan, bezeroak ere gusturago gelditzen dira emaitzarekin. Izan ere, gremioak obretan antolatzea ez da erraza izaten, eta guk dena jarraian egiten dugu.

Bestalde, gure lanean kalitatea baloratzen dugu gehienbat: bai igeltserotzan, bai margoketan, material ona erabiltzen dugu beti, eta aurrekontu guztietan fitxa teknikoak gehitzen ditugu, bezeroak ikus dezan benetan material ona dela. Egin beharrekoa kalitatearekin eta ondo egin nahi dugu.

Hain lan fisikoa izanda, etorkizunak kezkatzen al zaituzte?

Pixka bat bai. Gerora, agian, jasogailuarekin lan gehiago egin beharko dugu, eta gutxiago sokekin. Edo langile gazteak hartu beharko ditugu akaso.

Zuen profileko langileak topatzea ez da erraza izango, ala?

Zaila da ofizioa jakiteaz gain sokekin ondo moldatzen den jendea bilatzea. Eskalatze mundutik ezagutzen ditugunei abisatzen diegu, gure bajak-eta kubritzeko, baina kostatzen da norbait topatzea. Ezin duzu lanerako gogoa duen edozein hartu.

Ekaineko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako elkarrizketa. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide