Ekainaren 15ean eratuko dute Udala

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 29a, 12:05
Azkoitiko Udaleko alkatearen bulegoa. (Argazkia: Maxixatzen)

Joan den igandean ospatu ziren udal hauteskundeen ondoren, ekainaren 15ean osatuko dute Azkoitiko Udala. Ekainaren 15erako osatuta geratuko dira inguruko udal gehienak.

Ekainaren 15ean, zapatua, osatuko dute 2019-2023 legealdiko udalbatzarra. Joan den igandean botoak zenbatu ostean, batzorde elektoralek zenbaketa ofiziala gaurtik, asteazkena, ekainaren 1era bitartean egingo dute. LOREG legearen arabera, Udal korporazioa saio publikoan osatu beharko dute, hauteskundeak izan eta hogeigarren egunean —ekainak 15—. Helegiterik izan bada, ordea, berrogeigarren egunera atzeratuko litzateke Udalaren osaketa, uztailaren 5era.

Udala osatzen den egunean, ekainaren 15ean, hautatuko dute okerrik ezean Azkoitiko alkate berria. Horretarako, gehiengo osoa behar da lehen bozketan, eta inork lortuko ez balu, boto gehien lortu zituen zerrendako lehen hautagaia izendatuko dute alkate —Javier Zubizarreta—. Azken aukera horretan berdinketa egonez gero, zozketa bidez aukeratuko lukete alkatea, baina ez da Azkoitiko kasua.

Azkoitian EAJk lortu zuen boto gehien, baina 2015-2019 legealdian izan zuen gehiengo osoa galdu du alderdi jeltzaleak. Ondorioz, Udalean ordezkaritza duen beste alderdi baten —PSE-EE edo Azkoitia Bai— babesa edo abstentzioa beharko du bozketan Javier Zubizarreta EAJren zerrendaburuak berriz ere alkate izateko. EH Bildu izan zen bigarren indar bozkatuena, eta koalizioak beste bi alderdien babesa —PSE-EE edo Azkoitia Bai— beharko du Ainara Goenaga alkate izateko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide