Salvatierra eta Iurretako taldeak izango ditu aurkari Anaitasunak Hirugarren Mailarako play off-ean

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 28a, 08:19
Mikel Arzalluz Anaitasunako aurrelaria baloiarekin. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Anaitasunaren gizonezkoen lehen taldeak hirugarren postuan amaitu du Gipuzkoako Ohorezko Maila Eibarren galduta; ondorioz, play off partidak jokatu beharko dituzte jokalari azkoitiarrek Arabako eta Bizkaiko bigarren sailkatuen aurka. Salvatierra eta Iurretako taldeak izango dituzte arerio Xabier Artetxe entrenatzailearen mutilek.

Joan den zapatuan hiru eta huts galdu zuen Anaitasunako mutilen taldeak Eibarko Unbe zelaian. 500 azkoitiar baino gehiago izan ziren Eibar-Anaitasuna ikusten, baina Anaitasunak ez zuen lortu gutxienez behar zuen puntua; ondorioz, Tolosa taldeak lortu zuten zuzeneko igoera Espainiako Hirugarren Mailara.

Mailaz igotzeko gelditzen diren aukera guztiak agortu nahi ditu orain Anaitasunak. Izan ere, aukera badu oraindik taldeak, «oso-oso txikia» baldin bada ere. Arabako Salvatierra eta Bizkaiko Iurretako taldeak izango ditu arerio Hirugarren Mailara igotzeko play off partidetan; hiru taldeetako onenak lortuko du igotzeko txartela. Txartel horrek, ordea, ez du baliorik izango Espainiako Hirugarren Mailatik Espainiako Bigarren B Mailara igoera play off-ak jokatzen ari diren lau euskal taldeek —Portugalete, Sestao River, San Ignacio eta Deportivo Alaves B— igoera lortzen ez badute; era berean, Bigarren B Mailatik Hirugarren Mailara ez jaisteko kanporaketa jokatzen ari den Real Unionek ere mailari eutsi beharko dio.

Datorren asteburuan, Txerloian jokatuko dute lehen neurketa gorrixek Iurretako taldearen aurka, eta ekainak 15-16 asteburuan bigarrena, Salvatierra taldearen aurka. Anaitasunak, beraz, bere partidak aurrera atera eta goiko mailetako taldeek egiten dutenaren zain egon beharko du Hirugarren Mailara itzultzeko.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide