Udal hauteskundeetako zerrendaburuen erreakzioak

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 26a, 23:16
EAJko zortzi hautetsiak, EAJren egoitza. (Argazkiak: Maxixatzen)

EAJk irabazi ditu 2019ko udal hauteskundeak. EH Bildu izan da bigarren indar bozkatuena, PSE-EE hirugarrena eta Azkoitia Bai Herri Plataformak laugarrena. Zerrendaburuen erreakzioak bildu ditu Maxixatzenek emaitzak ezagutu bezain laster.

EAJk 8 zinegotzi izango ditu 2019-2023 legealdian. Zenbaketa unean borroka estua izan da zinegotzien banaketan. EAJ gehiengo osoa lortzetik 105 botora gelditu da. EH Bilduk zazpi zinegotzi izango ditu, azken legealdian baino bat gehiago. PSE-EE da hirugarren indarra, eta Azkoitia Bai laugarrena; PPk ez du ordezkaritzarik lortu.

EH Bilduk eta PSE-EEk egin dute botoetan gora. Koalizio abertzaleak 248 boto irabazi ditu, eta alderdi sozialistak 79 boto. EAJk 184 boto galdu ditu, Azkoitia Bai Herri Plataformak 73 eta PPk 21. Hauteskunde emaitzak ezagutu ondoren, Udalean ordezkaritza lortu duten zerrendaburuekin hitz egin du Maxixatzenek, eta honako hauek azaldu dituzte:

Javier Zubizarreta (EAJ): «Gure botoak %46tik gorakoak dira eta gustura gaude»

EAJko Javier Zubizarreta zerrendaburua «gustura» agertu da emaitzak ezagutu eta gero. «Herriak aukera desberdinak aukeratzeko eguna izan da gaur. «Lau urte pasatu dira, gure botoak %46tik gorakoak dira eta gustura gaude», azaldu du Zubizarretak. «Lau urte eta gero beti izaten da higaduraren bat, edo higatzen saiatzen», gehitu du. Halere, «gustura» agertu da Javier Zubizarreta «boto gehien lortzearekin».

Ainara Goenaga (EH Bildu): «Beste alderdiekin hitz egiteko irekita eta prest gaude»

Emaitzekin «oso gustura» daudela nabarmendu du Ainara Goenaga EH Bilduko zerrendaburuak. «EH Bildu Azkoitian eta lurralde guztietan goraka goazela ikusi dugu. Oso lan ona egin dugu, harro gaude, eta guretzat emaitzak oso onak dira», esan du Goenagak. Halaber, azaldu du «beste alderdiekin hitz egiteko irekita eta prest» daudela. EH Bildurekin «konfiantza» izan duten azkoitiar guztiei «eskerrak» eman dizkie Ainara Goenaga EH Bilduko zerrendaburuak eta «orain bezala lanean» jarraituko dutela azpimarratu du.

Janire Igoa (PSE-EE): «Hau da datozen lau urteetan ilusioz jarraitu beharreko bidea»

Janire Igoa PSE-EEko zinegotzi hautatua «oso pozik» agertu da emaitzak ezagutu ondoren. «Lehenik eta behin boto emaileen babesa eskertu nahi dut. Gustura nago nire lehen hautaketa izan delako eta egin dugun lanaren ondorioa delako», azaldu du Igoak. Nabarmendu du datozen lau urteetan «ilusioz jarraitu beharreko bidea» hasi duela gaur Azkoitian alderdi sozialistak.

Jose Joakin Etxaniz (Azkoitia Bai): «Lanean jarraitu beharko dugu»

Azkoitia Bai Herri Plataformako zinegotzia den Jose Joakin Etxanizek «emaitza txarrak» direla azaldu du. Halere, gobernu osaketa azpimarratu nahi izan du. «Ea nola osatzen duten orain gobernua», adierazi du Etxanizek. Halaber, «lanean» jarraitu beharko dutela azaldu du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide