Txikia IV.a Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako finalera sailkatu da

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 26a, 16:30
Julen Alberdi 'Txikia IV.a', ezkerrean. (Argazkia: Egursport)

Julen Alberdi 'Txikia IV.a' Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketaren finalera sailkatu zen atzo, zapatua, Bilbon. Ruben Saralegi aurkariak baino hiru minutu eta 23 segundo gutxiago behar izan zituen aizkolari azkoitiarrak lanak amaitzeko.

Txikia IV.a Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako finalean da. Navaridasen jokatutako finalerdian bigarren sailkatu zen bere multzoan aizkolari azkoitiarra, eta ondorioz, beste multzoko Ruben Saralegi bigarren sailkatuaren aurka aritu behar izan zuen atzo, zapatua, Bilbon. Bien artetik atera zen txapelketako hirugarren finalista.

Kolpeka, erlojuaren aurka, zutik, abiadura proban eta lan erdietara jokatu zuten sailkapen faseko proba. Txikia IV.a-k 21 minutu eta 58 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko; Ruben Saralegi aurkariak baino hiru minutu eta 23 segundo gutxiago. 2019ko Urrezko Aizkolarien Banakako finala Azpeitian jokatuko dute, ekainaren 7an, Izarraitz pilotalekuan. Iker Vicente eta Mikel Larrañaga izango ditu aurkari aizkolari azkoitiarrak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide