Herritar asko ari da botoa ematen

Azkoitiar asko ibili da goizean zehar udal, foru eta Europako hauteskundeetarako botoa ematen. Hautesleku guztietan ikusi da jende asko, baina bereziki nabarmena ari da izaten parte hartzea Xabier Munibe Ikastolan eta Torre Zurin.

8.507 azkoitiar daude deituta udal hauteskundeetarako. Herritar asko ibili da herriko lau hauteslekuetan: Xabier Munibe Ikastola, Torre Zuri, Elkargunea eta Aizkibel liburutegia. Normaltasunez doa hauteskunde eguna, baina boto-emaile batek Maxixatzeni azaldutakoaren arabera, Elkarrekin-Podemos alderdiaren boto paperik ez zegoen Torre Zurin. Goizean goiz boto paper guztiak jarri dituztela azaldu dute arduradunek, baina paper guztiak desagertu dira 11:00etarako.
 
Herritarrekin batera Azkoitiko Udalean azken legealdian ordezkaritza izan duten lau alderdietako alkategaiak ere eman dute euren botoa. 10:30 inguruan, Xabier Munibe Ikastolan eman du botoa Javier Zubiarreta EAJren zerrendaburuak. Gainerako hirurek Torre Zurin eman dute botoa. 11:00etan, Ainara Goenaga EH Bilduko alkategaiak eman du botoa, 11:15ean, Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Bai Herri Plataformako zerrendaburuak, eta 11:30ean Janire Igoa PSE-EEko Janire Igoa alkategaiak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide