Pelotai Eune

Pelotai Euneko neskek mezu matxisten inguruko ikuspuntua azaldu dute, «zeharo zapalduta» sentitu direlako

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 23a, 13:01
Pelotai Eunean parte hartzen duten neskek gutun bat bidali diote Maxixatzeni. Sortu den iskanbilari buruzko ikuspuntua adierazi dute, eta «desadostasuna» azaldu dute «informazioa helarazteko eta erabiltzeko moduarekin». Halaber, «minduta, irainduta eta zeharo zapalduta» sentitu direla adierazi dute. Irakurri Pelotai Eunean parte hartzen ari diren nesken gutuna osorik:

«Pelotai Eunin parte hartzen ari garen emakume taldea gara. Azken asteetako gertakizunen harira sortu den iskanbilari buruz gure ikuspuntua adierazi nahi dugu, orain arte hainbat komunikabideetan ikusi duguna ez delako guk bizi izan duguna. Gainera, ez gaude ados informazioa helarazteko eta erabiltzeko moduarekin; adibidez, inplikatuon intimitatea ez delako kontuan hartu.

Bagenekien zenbait komentario matxista zirela medio, herriko jendea horren inguruan eztabaidan zebilela. Whatsappeko iruzkinen argazkiak ikusi genituenean erabat minduta, irainduta, zeharo zapalduta sentitu ginen.

Une horretan, geure artean hitz egin eta taldeko denok garbi ikusi genuen erantzun bat eman behar genuela, egoeraren larritasunagatik. Gure ikuspuntutik, hain larriak diren eta gizartean hain barneratuta dauden 'bromak' egitea bezain larria da horri momentuan inork erantzun ez izana; gutxi gorabehera, taldean 80 mutil inguru zeudela jakinda.

Nahiz eta askoren ustetan errua iruzkinak egin zituzten hiru pertsonena izan, garbi utzi nahi dugu errua taldeko guztiena dela, mezuei ez erantzutean haien konplize bihurtu zirelako. Izan ere, horrelako egoeren aurrean erantzutea ez da emakumeon lana soilik, guztion ardura da. Antolakuntzak hartu duen erabakiak argi erakusten du, aurretik esan bezala, errua ez dela seinalatuak izan diren hiru horiena, eta ondorioak ere kolektiboa izan behar duela.

Guzti horrek hausnartzeko eta horrelakorik berriro ez gertatzeko balio izatea espero dugu. Ekainaren 8a festa eguna izatea nahi dugu, emakumeok pilotan gure lekua aldarrikatzearekin batera, guztiok pilotaz elkar errespetatuz eta berdintasunean gozatzeko: neska zein mutil.

GORA PELOTAI EUNE!»

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide