Herriarteko partidak jokatuko dituzte azkoitiarrek ostiralean

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 23a, 15:00

Ostiralean, maiatzak 24, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako partidak jokatuko dituzte pilotari azkoitiarrek. Eskuzko pilotariek Gurea pilotalekuan jokatuko dute, Andoainen aurka; gomazko paletako pilotariek, berriz, Anoeta izango dute aurkari.

Eskuzko pilotari azkoitiarrek itzulerako partidak jokatuko dituzte ostiralean, 22:00etan, Gurea pilotalekuan. Andoainen jokatutako hiru partidak irabazi zituzten azkoitiarrek, eta tanto alde handiagatik. Kadete mailan 6-22 irabazi zuten, gazte mailan 11-22 eta seniorretan 4-22. Gurea pilotalekuan partida bat irabaztea nahikoa izango dute final laurdenetarako urratsa emateko. Aranbarri-Astigarraga bikotea arituko da kadete mailan, Azkoitia-Uranga gazte mailan, eta Juaristi-Juaristi seniorretan. Final laurdenetan Altzo-Oñati kanporaketako irabazlea izango dute arerio azkoitiarrek.

Gomazko paletan, bestalde, final laurdenetako kanporaketa hasiko dute ostiralean, Anoetan. Mutrikuren aurka lau eta bi irabazi eta gero, 20:45ean hasiko dute ostiralean lehen partida. Iker Epelde buruz buru arituko da kantxa osoan. Aizpuru-Juaristi binaka lehiatuko dira, eta Azpirozek zazpi koadroren barruan jokatuko du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide