Pelotai Eune

Emakumeen erabakiz, aurrera egingo du Pelotai Eunek

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 22a, 14:18

Antolakuntzak Maxixatzeni jakinarazi dionez, ospatu egingo dute ekainaren 8an egitekoa den Pelotai Eune. Antolakuntzak eta emakumeek elkarren artean hitz eginda, Azkoitiko pilota aldarrikatzeko egunak aurrera jarraituko du.

Pelotai Eune ekainaren 8an ospatuko da. Antolatzaileek eta txapelketan parte hartzen ari diren neskek elkarrekin hartutako erabakia izan dela azaldu dute Pelotai Euneko antolatzaileek. «Neskekin hitz egin dugu eta guk esan genien neskek aurrera ez baldin bazuten egiten, Pelotai Eunek ez zuela aurrera egingo. Aldiz, neskek aurrera eginez gero, Pelotai Eune ere aurrera joango zela», adierazi dute antolatzaileek. Aurreratu dute dute aurrerantzean ere harremanetan izango direla.

Iaz, Reyes Azkoitia omendu zuen Pelotai Eunek eta Bergaran bizi den pilotari azkoitiarra izan zen 'pelotazue' botatzeko ohorea izan zuena. Antolatzaileek, halaber, «garbi» utzi nahi izan dute, «lanean irmo jarraituko duela berdintasuna sustatuz».

Eta horrela izango da. Pelotai Euneko txapelketa herrikoian parte hartzen ari ziren neskek aurrera egitea erabaki dute, eta ondorioz, Pelotai Eunek ere aurrera jarraituko du. Ekainaren 8an, zapatua, ospatuko dute Azkoitiko pilotaren eguna, eta orain arteko lau edizioetan egin duten bezala, omenaldiak, emakumeen txapelketa herrikoiko finalak eta bestelako ekintzak egingo dituzte. Bertan behera gelditu den bakarra da mutilen txapelketa herrikoia.

Barkamen mezuak

Azken astean Pelotai Euneko mutilen txapelketako taldean idatzitako emakumeen aurkako irainen harira, antolakuntza taldeak barkamena eskatu zuen, «batez ere, momentuan behar bezalako erantzun azkar bat ez eman izanagatik», azaldu zuten. Bestalde, mezu iraingarriak idatzi zituzten Whatsapp taldeko kideek ere barkamena eskatu dute. Bere «intentzioa ez zela inor mintzea» adierazi du zabaldu den whatsapp mezu bidez. «Gustu txarreko eta lekuz kanpo zegoen txantxa» izan dela azaldu du. Gaineratu du, Pelotai Eunean neskek duten «lekua zapuztea pena» litzatekeela «ateraldi horregatik».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide