Pelotai Eune

Pelotai Euneren inguruko mezu matxistak gaitzetsi ditu EH Bilduk

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 22a, 13:21

Pelotai Euneko mutilen txapelketako Whatsapp taldean emakumeen aurkako irainak idatzi dituzte, eta horren harira, EH Bilduk bere gaitzespena adierazi du ohar baten bitartez.

Azkoitiko Pelotai Egunaren bueltan gertatutakoaren aurrean, Azkoitiko EH Bilduk «erabateko gaitzespena» adierazi nahi izan du gertatutakoarekiko. «Ez ditugu onartzen horrelako mezuak inon», gaineratu dute. Horren aurrean, euren «babes osoa» adierazi diete Pelotai Euneko emakumeei. «Ez da erraza horrelako esparru maskulino batera salto egitea eta txalogarria da eman duten pausoa», azaldu dute.

Bestalde, azken orduetan «EH Bildurekin lotu nahi izan dituzte mezu iraingarri horiek» gaineratu dute. Horren aurrean adierazi dute mezu horiek idatzi dituzten pertsona horiek «ez dutela inongo loturarik EH Bildurekin». Horren atzean «nahi edo asmo politikoa» dagoela eta «onartezina» dela azpimarratu dute, eta EH Bilduk herrian «konpromiso sendoa» duela berdintasunarekiko esan dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide