Kamerata Oiasso hari-orkestrak itxiko du aurtengo Udaberriko Musikaldia

XXVIII. Udaberriko Musikaldia arrakasta izaten ari da. Santa Kutz komentua txiki geratu da musika zikloaren baitan eskaini diren lehen hiru kontzertuetan. Zapatu honetan, maiatzak 25, izango da azken kontzertua eta duela lau urte sorturiko Kamerata Oiasso taldeak agurtuko du aurtengo edizioa.

Taldea Bidasoa eta inguruko musikariek osatzen dute nagusiki, eta Santa Kutzen doinu britainiarrak interpretatuko dituzte. Purcell, Elgar, Holst eta  Walton, garai ezberdinetako lau konpositore ingelesen obrekin osatu dute egitaraua.

Hamabost musikari bilduko dira eszenatokian eta lau instrumentu joko dituzte: biolina, biola, biolontxeloa eta kontrabaxua. Kideetako bat, Mikel Urdangarin, Azkoitiko Bizkargi Musika Eskolako irakaslea da.

Kameratako kide gehienak musikari profesionalak dira eta askotan jo izan dute Euskadiko Sinfonikoarekin, Musikeneko Sinfonikoarekin, Frantziako Euskal Kostaldeko Orkestrarekin edota Nafarroako Sinfonikoarekin.

Taldearen xedea da kontzertuak eszenatoki tradizionaletan eskaintzeaz gain, aretoetan ohiko ez diren entzuleengana hurbiltzea.

Aurtengo Udaberriko Musikaldiari itxiera emango dion kontzertua 18:30ean hasiko da.

Autobusa Julio Urkixo kaletik

Udalak autobus zerbitzua jarriko du aste honetan ere, Santa Kutz komentutik joan-etorria egiteko. Autobusa kontzertua baino ordu erdi lehenago aterako da, alegia, 18:00etan Julio Urkixoko geralekutik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide