Giro bikaina Madariagako sanisidroetan

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 19a, 11:35

Sanisidro jaiak ospatu dituzte asteburuan Madariaga auzoan. 

Maiatzaren 17an, ostiralean, mus txapelketa jokatu zuten Otarre jatetxean. Bertan, guztira 28 bikotek parte hartu zuten, eta, azkenean, Itziarko Erlete baserriko bikoteak irabazi zuen txapelketa.

Zapatuan, maiatzak 18, haurrentzako zein helduentzako hainbat ekintza egon ziren auzoan. Lehendabizi, mendi buelta egin zuten Madariaga inguruetan. Ondoren, auzotarren arteko pilota partidak jokatu zituzten. Segidan, berriz, Eneritz Arrieta eta Alaitz Badiola, Nagore Aramendiren eta Oihana Orbegozoren aurka aritu ziren.

Gero, marrazki tailerra egin zuten, eta segidan, auzotarren bazkaria eta omenaldien txanda izan zen. Arratsaldean, ume jolasekin jarraitu zuen festak. Jarraian, Mendaroko gizon taldearen eta Koatei baserriko astoaren arteko giza proba jokatu zuten. Ordubete beranduago, Zelailuzeko animaliekin ume jolasak egin zituzten, eta eguna  Otarreko afariarekin bukatu zuten. Egun osoan zehar, gainera, Laja II.a eta Lutxurdixo trikitilariak alaitu zuten auzoa, eta Asier Garate 'Txibilter', Ion Gurrutxaga eta Unai Eizagirre 'Aittola' Erniarraitzeko bertsolarien saioa ere izan zen.

Errifaren zenbaki saritua

Bestalde, errifaren zozketa ere egin zen, eta honako hau izan zen zenbaki saritua: 0986. Bigarren zenbaki saritua, berriz, hau izan zen: 4.106. Erreserba zenbakia: 0508. Irabazleek hilabeteko epea izango dute saria jasotzeko. Lehen sariarekin bainuetxe batean bi pertsonentzako bi gau oparituko dira eta bigarren sariarekin, berriz, Otarre jatetxean bi pertsonentzako jatordua. 

Argazkiak: Madariagako festa batzordea. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide