EH Bilduk «herri desberdin bat» eraiki nahi duela aldarrikatu du kanpainako ekitaldi nagusian

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 18a, 14:29

EH Bilduk kanpainako ekitaldi nagusia egin du gaur eguerdian Kontzejupean. Bertan izan dira Ainara Goenaga Azkoitiko alkategaia eta Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuko EH Bilduren Gipuzkoako diputatua, besteak beste. Horrez gain, Ainhize Azpiazu dantzariak eta EH Bilduko zerrendakideak dantza emanaldi bat eskaini du saioa girotzeko. Hainbat herritar bertaratu da ekitaldira. 

Mertxe Aizpuruak ilusionatuta hartu du hitza, Espainiako Kongresurako emaitza onak izan dira ikusita, eta datozen hauteskundeetan «emaitza hori errematatu beharra» dagoela esan du. Indarrarekin eta ilusioarekin daudela gaineratu du, herritarren eskubide politiko eta sozialak defendatzeko eta, lehentasunez, preso politikoak etxera ekartzeko lan egingo dutela ere nabarmendu du.

«Euskal Herria, herri ekintzailea, trebea, heldua, kulturaz jantzia eta modernoa da, eta gainbeheran doan estatu baten menpekotasunik ez du behar. Herri independentea izan behar du», azaldu Aizpuruak.

 

Ondoren, Ainara Goenaga alkategaiak hartu du hitza. Bera ere apirileko hauteskundeak utzitako emaitzekin gustura azaldu. «Azkoiti desberdin bat eraiki nahi dugu», azpimarratu du. Duela zortzi urte EH Bildu alkatetzara iritsi zen garaiak ere gogoan izan ditu. «Zuloan zegoen herria lurpetik ateratzea» EH Bilduk lortu zuela esan du.

Jarraian, lau urte hauetan herrian sortu diren talde dinamika ezberdinak aipatu ditu: Marea Urdina, Floreagako auzotarrak, Instalazio Duinak Orain, Egoitza Kalera Taldea, Herrikoloreak eta Gure Esku Dago. «EH Bilduk herri bizia, kritikoa, eraikitzailea eta bazterkeriarik gabekoa izatea nahi du». 

Udal hauteskundetarako astebete gelditzen dela gogoratu du Goenagak, eta M26an EH bildurekin konfiantza izateko eskatu du, «herri desberdin baten aldeko apustua» eginez. «Azkoitia atzean gelditzen ari zaigu aspaldi honetan, eta hori ezin da onartu. Politika egiteko beste modu bat merezi du Azkoitiak, eta aldaketa hori EH Bilduk emango du. Bestetik, hil bukaerara iristen ez diren pentsionistei, lan prekarioan dabiltzan langileei, euren negozioa itxi behar izan duten merkatariei, irisgarritasun arazoengatik etxean gelditzen diren herritarrei, zaharren egoitzan daudenei eta haien familiakoei, utzita ikusten dituzten auzoetan bizi direnei, ahaztuta utzi diren kultur talde eta eragileei eta herrian benetako aldaketa egitea nahi dutenei ozen esan nahi diegu beraien aukera EH Bildu dela». 

Ekitaldia bukatzeko, etxetik urruti dauden 'Txetxu' eta 'Kinttela' euskal preso eta iheslariak gogoan izan ditu, eta horiekin batera baita duela gutxi hil den 'Arantxa' ere. azkenik, lau urte hauetan alboan izan dituen taldekideak txalotu ditu Goenagak.  

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide