Udal hauteskundetako mahai ingurua egingo da asteartean, Elkargunean

Udal hauteskundetako mahai ingurua antolatu dute Maxixatzenek eta Erlo telebistak. Mahai ingurua datorren asteartean, maiatzak 21, egingo da, 19:00etan hasita Elkarguneko Oteiza aretoan. Streaming bidez ere ikusteko aukera izango da maxixatzen.eus webgunean.

Hauteskunde hauetara aurkezten diren lau alkategaietatik bi izango dira mahai inguruan: Ainara Goenaga (EH Bildu) eta Jose Joakin Etxaniz (Azkoitia Bai). Beste alkategaiak ere gonbidatu ditu Maxixatzenek, baina arrazoi desberdinengatik uko egingo diote gonbidapenari. 

Mahai ingurua Imanol Elezgarai kazetariak moderatuko du. Lehen ordubete inguruan gai zehatz batzuen inguruan hitz egingo eta eztabaidatuko dute. Ondoren, aukera emango zaie bertaratutakoei alkategaiei galderak luzatzeko. 

Elkarrizketa digitalak alkategaiekin

Hauteskundeekin lotuta, datorren astean elkarrizketa digitalak egingo ditu Maxixatzenek alkategaiekin. Horretarako, herritarrek galderak bidaltzeko aukera jarriko da webgunean. Lehendabizi Ainara Goenagaren txanda izango da, datorren asteazkenean, hilak 22, 18:00etan. Egun bat beranduago, hilaren 23an, Jose Joakin Etxanizek hartuko du erreleboa, 18:00etan. Gainerako bi alkategaiak ere gonbidatu ditu Maxixatzenek, baina arrazoi desberdinengatik uko egin diote gonbidapenari.

Dagoeneko bidal daitezke galderak alkategaiei, beheko loturen bitartez:

Ainara Goenagarentzako (EH Bildu) galderak bidali.

Jose Joakin Etxanizentzako (Azkoitia Bai) galderak bidali.

 

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide