Rina Cabezak sexuz aldatzeko pausoak azaldu ditu, dozenaka lagunen aurrean

Rina Cabezak sexuz aldatzeko pausoak azaldu ditu, dozenaka lagunen aurrean
Rina Cabeza 17 urteko azkoitiar gazteak transexualitateari buruzko hitzaldia eskaini du gaur arratsaldean Elkargunean, bere bizi esperientzia kontatuz. Hitzaldiak jakin-mina piztu du batez ere gazteen artean, eta aretoa goraino bete da. Naturaltasunez jorratu du gaia. Hitzaldiaren amaieran txalo zaparrada jaso du Cabezak. Ondoren, 'Ur handitan' saioko transexualitateari buruzko pasartea eskaini dute.

Rina Cabezak azaldu du zakilarekin jaiotzeagatik gizarteak mutiltzat hartu izan duela, eta berak hori ez dela zertan horrela izan defendatu du. Marikoia eta halako irainak jasan behar izan dituela azaldu du, baina horiek inoiz ez didatela eragin azpimarratu du.

13 bat urterekin, anaiari kontatu zion. Sekulako lasaitua hartu zuela aitortu du benetan nor zen kontatzean. Ondoren amari kontatu zion. Eta biek erabakia hasieratik onartu zutela azpimarratu du. Gerora, aitari kontatu zion, hark onartuko ez zuenaren beldur baitzen. Hasieran ezusteko handia hartu bazuen ere, onartu ninduen. Lagunek, berriz, hasieratik onartu ninduten.

Familiako medikuarengana zen lehendabizi, eta ondoren Gurutzetako Ospitaleko Genero Identitateko Unitatera bideratu zuten. Han, psikologo batek halako galderak egin zizkion: «Txikitan, kolore arrosa edo urdina atsegin zenuen?», esan du Cabezak barrez. Azkenean, emakume transexuala zela baieztatzen zuen agiria egin, eta handik endokrinoarengana bideratu zuen. Orduan, hormonak hartzen hasi zen.

Eskolako bizipenak ere kontatu ditu Cabezak. Orokorrean, irakasleek oso ondo onartu zuten, etikako irakasle batek izan ezik. Gelakide guztiek haren aurka egin zuten: «Rina berak nahi duena da, eta gustatu ala ez, onartu egin behar duzu», esan zioten. Orduan, negar egin zuela aitortu du, jasotako babes hark hunkituta.

Erabakita du alua eduki nahi duela, baina ebakuntza bideratzeko adin nagusikoa izan behar da. Bestalde, hormonak hartzen bi urte igaro behar dira NANean zehaztutako sexua aldatzeko. Oraingoz, nortasun agiri horretan soilik izena dauka aldatuta.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide