Hasi dituzte sanisidro festak Madariagan

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 15a, 12:14

Gaur, sanisidro eguna, festak hasi dituzte Madariaga auzoan. Meza, prozesioa eta hamabitakoa egin dituzte auzoan.

Mezarekin eta hamabitakoarekin hasi dituzte Madariagan 2019ko festak. Mezaren ostean, gainera, tradizio berezia duen prozesioa egin dute auzoko ermitatik atera eta pilotalekuari itzulia emanda. Elizkizuna amaitutakoan, berriz, salda eta pintxoak eskaini dituzte hamabitakoan.

Asteburuan jarraituko du festak

Maiatzaren 17an, ostiralean, mus txapelketa jokatuko da Otarre jatetxean. 21:30ean hasiko da karta jokoa; izena emateko Otarre jatetxera deitu beharko da —943 85 37 56—.

Zapatuan, maiatzak 18, haurrentzako zein helduentzako hainbat ekintza egingo dituzte. 11:00etan, haurrentzako eta helduentzako mendi buelta egingo dute Madariaga inguruetan. 11:30ean, auzotarren arteko pilota partidak jokatuko dituzte. Segidan, berriz, Eneritz Arrieta eta Alaitz Badiola, Nagore Aramendiren eta Oihana Orbegozoren aurka arituko dira.

12:30ean, marrazki tailerra egingo dute, eta 14:30ean, auzotarren bazkaria eta omenaldiak. 16:30ean, ume jolasekin jarraituko du festak, eta merienda ere egingo dute. 18:00etan, berriz, Mendaroko gizon taldearen eta Koatei baserriko astoaren arteko giza proba jokatuko dute. Ordubete beranduago, Zelailuzeko animaliekin ume jolasak egingo dituzte, eta eguna 21:00etan Otarren egingo duten afariarekin itxiko dute. Egun osoan zehar, gainera, Laja II eta Lutxurdixo trikitilariak alaituko dute auzoa, eta Asier Txibilter eta Ion Gurrutxaga eta Unai Eizagirre 'Aittola' Erniarraitzeko bertsolarien saioa ere izango da.

Argazkiak: Madariagako festa batzordea

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide