Egoitza Kalera taldearen gutuna: 'Bizigune humanoa'

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 15a, 12:04

Egoitza Kalera taldeak gutun berri bat bidali dio Maxixatzeni. Azaldu dute udal ordezkariekin bilera eginda «konpromiso bat» hartu zutela alderdi guztiek, eta «zain» egon direla «hauteskunde kanpainan zer ikusiko». Irakurri osorik gutuna:

«Udaletxeko ordezkariekin egun genuen bileran, konpromiso bat hartuta gelditu zen alderdi guztien partetik, eta publikoki horren berri eman genuen, beraien aldetik egoitza kaleratzeko eskaera berea egiten zutela eta egoera aztertu eta bidea jorratzen hasiko zirela.

Konpromiso horren aurrean, talde hauen hauteskunde kanpainan zer ikusiko zain egon gara.

Euren programetan eta Maxixatzen aldizkarian alkategai bakoitzari egindako elkarrizketan ikusten da hiru taldetako alkatagaiek (Azkoitia Bai, PSE-EE eta EH Bildu), gurekin egindako bileran hartutako konpromisoa betetzeko asmoa dutela.

Beste alderdia, EAJ, orain dela hilabete batzuk esandakoarekin azaldu zaigu berriro: 'ados gaude, baina bideragarritasunik ez. Egoitza herrira jaisteko eskaera oso aintzat izango dugu, baina testuingurua aldatu edo aukerak suertatzen direnean'. Gure galdera da, noiz izango da hori? Gu isiltzeko al da?

Egoitza Kaleraren izenean esan dugu eta berriro esango dugu, aukerak suertatuko direnaren zain ezin dela egon. Nahi izanez gero, aukera horiek bilatu eta landu egin behar direla. Egoitza herrian integratzeko konpromisoa hartu bada bilera batean, hitza betetzeko eta pausoak ematen hasteko eskatzen dugu. Igogailuak eta urbano zerbitzu gehiagok ez du integrazioa konpontzen, partxe bat besterik ez da, eta hobe da hor gastatuko dena baliagarriagoa izango den beste zerbaitetan erabiltzea.

Inguruko herri batzuetan —Elgoibar, Zarautz...— egoitza herri erdian egon arren, aldundiaren planen barruan, egoitza berriak egiteko asmoa dute. Gurean zergatik ez? Herri bakoitzeko Udalak egin beharko du eskaera hori, ezta?

Ez da eskatzen orain dagoen berdina egitea. Gaur egun eredu desberdinak daude: eguneko zentroa, apartamenduak, etxebizitza konpartituak zerbitzu desberdinekin... Eskatzen dena da zerbait egitea eta bideak urratzen hastea.

Kontuan izan egoitza herrian integratzeko eskaerak 3.000 herritar baino gehiagoren sinadura babesa jaso zuela, orain arte Udal agintean dauden alderdiek jaso izan duten boto kopurua baino gehiago. Herriko jendeak eskatzen du.

Hori kontuan izanda, aintzakotzat hartzea eskatzen da.

Hirugarren adinekoak bai, baina hirugarren mailako herritarrik EZ»

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide