Historia «elkarrekin idazteko» deia egin du Anaitasunak

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 15a, 10:49

Anaitasunako gizonezkoen lehen taldeak «ate berri bat» izan lezake Espainiako Hirugarren Mailara igotzeko. Denboraldia amaitzeko bi jardunaldiren faltan, Xabier Artetxeren taldea sailkapeneko bigarrena da, hirugarrenarekiko hiru puntuko aldearekin, eta euren esku dute bigarren postua lortu eta sortu berri den maila igoera lortzea.

Joan den asteburuan bi eta huts galdu zuen Anaitasunako gizonezkoen lehen taldeak, Tolosan. Talde tolosarra da, hain zuzen ere, Anaitasunak bigarren postua lortzeko arerio bakarra —hiru puntuko aldea dago bi taldeen artean—. Eibar B taldeak txapelketa irabaztea lortu berri du, baina aurtengo txapeldunak ez du Hirugarren Mailara igotzerik izango «ziurrenik». Espainiako Bigarren B Mailatik jaitsi baita Vitoria taldea, Eibarri lotutako taldea. Anaitasunak behin baino gehiagotan azaldu du «zuhurtziaz» jokatu nahi duela egoera horren aurrean.

Klub bereko lotura duten bi taldek maila berean lehiatzeko dagoen ezintasunagatik, Gipuzkoako Ohorezko Mailako bigarren sailkatuak lor dezake igoera Hirugarren Mailara, une honetan Anaitasunarena den postua. Aurtengo sasoia amaitzeko bi neurketa baino ez dira falta. Xabier Artetxe entrenatzailearen taldeak Aretxabaleta hartuko du zapatuan, 17:00etan, Txerloian.Azken jardunaldian Eibar txapeldunaren aurka jokatu beharko dute Eibarren.

Prestaketak hasita

«Jokalariek zaleen babesa» eskatu dute zapatuko neurketarako, eta klubak «700 puxika gorri» banatuko ditu «harmailetako aulki bakoitza betetzeko asmoarekin». «Jokalariak ereserkiarekin batera zelairatzen direnean eta gol zein ospakizunetan gogotik astintzeko izango dira puxikak», azaldu dute Anaitasunako arduradunek. Puxikekin «harmailaren garrantzia» azpimarratu nahi du klubak. Halaber, sarrera doan izango du kamiseta edota bufanda gorria jantzita Txerloira joaten den zaleak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide